Auziperatuak pozik kartzela sahiesten dutelako, haserre desobedientzia zibila isun ekonomikoekin zigortzen delako

Joan den ortziralean Nafarroako Auzitegiak kaleratutako epaiaren inguruko balorazioa egin dute auziperatuak. Oraindik irmoa ez den arren, "argi-ilun aunitz" ikusten dituzte sententzian. Isun ekonomikoak ezarri dizkiete, baina espetxe zigorrik ez.

2025-ko irailak 22

Alde batetik, sententziak Palacio de Arozteguia S.M.k eta Fiskaltzak auziperatuen gain ezarri nahi zuten akusaziorik larriena baztertu du, talde kriminal baten parte izatea, hain zuzen ere. Zentzu horretan, oraingoz, absoluzioa lortu dutela ospatzen dute, zeren eta kartzela zigorrak ez dira ezarriko eta auziperatuen hitzetan “Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu” da, baita etorkizuneko borroketan “aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere”.

Bestetik, txalotu dute herritarren mobilizazioa, eta eskertu ere egin dute. “Borrokatzeak eta protestak balio du”, azpimarratu dute, eta eskerrak eman dituzte izandako herri mobilizazioagatik. “Lortutakoa ez da kasualitatea: herri mugimenduaren lanari, EHko zein bertze herrialdeetako elkartasunari eta indarrari esker izan da”.

Bertzetik, epaiak ez ditu ezarri Aroztegia proiektuaren bultzatzaileek eskatutako isunak, “bizi osorako zigor ekonomikoa”, auziperatuen hitzetan. “Behin eta berriz errepikatu dugu Aroztegiko proiektua ez dagoela geldi, guk obra momentu puntual batean gelditzea lortu bertzerik ez dugula egin eta epai honek hori berresten du. Beraz, enpresari gure sakeletatik 43milioiak lortzeko bidea itxi diogu. Enpresa honek aspalditik erakutsi du herritarren kriminalizazioaren bitartez, bere helburua diru publikoa eskuratzeko bidea egitea dela eta kasu honetan berriz ere herriaren indarrari esker traba bat aurkitu du”, azpimarratu dute.

7 auziperatuen esanetan absoluzioa zen “epai justu bakarra”, eta ildo horretan ezarritako isunak salatu dituzte. “Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da. Gainera jakinik espekulatzaileak eta beren laguntzaile diren Nafarroako Gobernua eta hau sostengatzen duten alderdi politikoek ez dutela inolako ondoriorik jaso, Aroztegiko auzian erantzule zuzenak izanik ere”.

Osotara 62.000€ isuna ezarri zaie, eta horrek euren bizitzak baldintzatuko dituela azpimarratu dute, eta prozesu judizialaren ondorioak ere nabarmendu dituzte. “Gogora ekarri nahi dugu lau urte luze daramazkigula gure bizitzak kolokan, gure gorputzetan bide judizialaren bortizkeria sufritzen eta oraindik denbora dezente pasatzen ahal dela hondar epaia irmoa izan artio. Ez da bidezkoa makro proiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea”. Aurreratu dutenez, eta epaia irmoa bilakatzen bada, zigor ekonomikoari aurre egiteko dinamika martxan jarriko dute.

Bukatzeko, Aroztegiko proiektua behingoz bertan behera uztea eskatu dute. “Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin”.

Gehiago