Autobus Bira, Mikel Zabalza gogoratzeko eta egia aldarrikatzeko ekimena azaroaren 26an jarriko da martxan

2025-ko urriak 28

Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenak, DBuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoaren zehaztapenak eman dituzte gaur Donostian egindako agerraldi baten. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagerrarazi zutenetik Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan Aezkoa, Erroibar, Auritz, Agoitz, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko duen Autobus Biraren nondik norakoak azaldu dituzte.

Ekimena azaroaren 26an jarriko da martxan, Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik 40 urte beteko diren egunean. Goizean Mikel Zabalzaren omenez Intxaurrondon jarritako plakaren aurrean ekitaldi eginen da. Arratsaldean, Donostiko Bulebarrean, bere barnean erakusketa bat duen autobusa bisitatu ahalko da, eta azaroaren 28rarte mantenduko da bertan.

Azaroaren 30ean iritsiko da autobus erakusketa Orbaizetako Olara, Mikel Zabalzaren jaiotetxe aurrera, bere oroimen eta memoriaren alde urtero egiten den ekitaldiarekin batera. Hortik aurrera, herri ezberdinak zeharkatuko ditu Autobus Birak, egun bakoitzeko tokian-tokiko egitarau batekin.

Auñamendin abenduaren 2ra arte egonen da autobusa, Garraldan abenduaren 1ean geldituz eta
abenduaren 2an Aurizberri eta Auritzen. Abenduaren 3arekin batera Agoitzera helduko da.

Iruñean, abenduaren 4tik 7ra
Iruñean abenduaren 4an egingo du bere geldialdia, eta Takonerako Basotxoan ikusgarri egonen da abenduaren 7ra arte. Hurrengo egunean, Bortzirietaraino helduko da autobusa, Endarlatsaraino, Mikel Zabalzaren gorpua agertarazi zuten lekuraino. Eskualde honetan abenduaren 10a arte izanen da, Lesakan abenduaren 8an eta Beran hurrengo bi egunetan zehar.

Bukaera, Donostian martxa batekin

Abenduaren 11an autobusa egun bateko egonaldia egingo du Altzan, Donostian bizi zenean, Mikelen auzoa izandakoan. Abenduaren 12 eta 13an Donostiako DBuseko kotxeretan egonen da Autobus erakusketa. Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen atxilotu, torturatu eta hil zutenean. Bi eguneko egonaldia egingo du hor erakusketak, DBuseko langileentzat ere ikusgarri egon dadin.

Abenduaren 14an D-Buseko langileek Donostiako Bulebarrera eramanen dute autobusa bueltan. «Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen orain dela 40 urte Mikel Zabalzaren lankideek autobusetik zintzilik udaletxeraino eraman zuten pankartak. Protesta ikoniko hori berriro errepikatuko dute, eta Donostiako Bulebarrean eginen da ekitaldi nagusia.

“Memoriaren haritik tiraka sortu dugun egitasmo kolektibo honekin, Mikel desagertua egon zen 20 egun
horiek gogora ekarri nahi izan ditugu, baita 40 urte hauetako borroka eta herri memoria balioan jarri ere. Autobus ibiltari honek horren transmisore izan nahiko luke”, adierazi dute antolatzaileek. Autobusaren erakusketak Mikel Zabalza kasuaren inguruko 10 testigantza ezberdinekin osatua dago, eta 40 urte hauetako pasarte ezberdinetan izandakoak jasotzen ditu ere.

“Mikel Zabalza Estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua izan da Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan. Urrats garrantzitsu eta beharrezkoa da hau ezinbestean, baina 40 urte eta gero, kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzuteke daude oraindik: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola… Zentzu honetan, egia, justizia eta erreparazioaren bidea oztoporik gabe igaro ahal izateko galdera horiei guztiei erantzuteko konpromisoak hartzea premiazkoa ere badela irizten dugu”, esan dute.

Gehiago