Autismoa

2014-ko abenduak 4

Asko dira lurrari egiten dizkiogun erasoak han eta hemen. Etxetik atera ta berehala jabetzen gara inguruaren degradazioaz. Paisaiak aldatuz dihoaz etengabe. Errekak, bailarak, basoak, mendiak eta muinoak zeuden lekuetan zubibideak, tunelak, errepideak, zutoinak eta tentsio altuko dorreak ikusten ditugu. Gero eta azkarrago joan gaitezke hemendik hara baina “hemen” eta “han” gero eta berdinagoak dira.

Herrien erdiguneak, plaza eta ondoko kale batzuk lehen bezala mantentzen dira, baina inguruan hedatzen diren porlan-asfalto azpiegituren korapiloek herria estutzen dute eta hau itoz doa pixkanaka. Merkatalgune erraldoiak edonon nagusitzen dira. Auzo berri asko familia bakarreko etxebizitek osatzen dituzte, eta auzokideen arteko haremanak gero eta urriagoak dira. Zaila litzateke esatea euskaraz edo erdaraz hitz egiten den auzo moderno hauetan, jendeak bere artean nekez hitz egiten duela kontutan hartuz.

Ikuspuntu osoago batetik, “holístico” alegia, naturari eragiten diogun kalteak ondorio ekologiko, sozialak eta kulturalak ditu. Biosfera gure etxea da. Berak eskaintzen eta zaintzen dizkigu bizitzaren oinarriak, haizea, lurra eta ura, ezinbestekoak ditugunak bizirauteko. Beraz, biosferari egiten diogun kaltea, gure buruari egiten diogu azken finean.

AHTren lanek izugarrizko zuloa eragin dute Hernialde inguruan. Honen dimentsio ikaragarriengatik albistea izan da, baina horretaz gain bi erreka ere lehortu dira Tolosa inguruan , eta hau ez da albiste izan. Barcenasen afera usteletan nahasia zegoen enpresa bati esleitu zion Eusko Jaurlaritzak Hernialde-Zizurkil zatia. Badirudi ez zituztela derrigorrezkoak diren zundaketak egin tunelaren eraikuntzarekin hasi baino lehen. Hau ere ez da albiste izan. Eusko Jaularitzak “ohikotzat” jo du zulo erraldoia.

Ebolari buruz ezer gutxi genekien harik eta izurritea albiste izan arte. Ohi den bezala testuingurutik kanpo azaldu dizkigute honen ezaugarriak komunikabideetan, baina non eta zergatik sortu den ez dute aipatu. Argia aldizkarian agertu den artikulo batek dio olio palmondoen landaketa masiboak Mendebaldeko Afrikako herrialdeetan daudela ebolaren izurritearen atzean. Badirudi palmondoak maite dituztela Ebola gizakiari kutsatu dioten xaguzaharrek. Oihanak gutxitzearikin batera urritu dira gainerako ehizakiak. Aldiz, palmondoak ugaritzearekin askoz eskurago daude orain xaguzaharrak jateko. Oliotarako palmondoarekin biodiesela ekoizten dute multinazionalek. Pertsonak hiltzen dituzte kotxeak elikatzeko.

Bidasoako badiaren ispiluan Jaizkibel mendia islatzen da. Ispiluaren beste aldean itsas fondoa dago. Altxorrek beteriko mundu majikoa, ezinezkoak diruditen izakien sortzaile. Lurrean ezagutzen ez ditugun forma eta koloreen gordelekua. Itsas fondoa burmuin erraldoi bat dela otu zait. Eta gu gizakiok, memoriarik gabeko arrainak. Euskal kostaldean egin nahi dituzten zundaketak gasa ateratzeko beste egun baterako utziko ditugu.

Gehiago