Asteburuan Arizkunen egindako pintaketa LGTBIQ+foboa salatu dute hainbat eragilek

Argi utzi dute «halako jarrerak ez ditugula onartuko herri libre bat eraikitzera bidean, zeinean bakoitzak nahi duena maitatzeko eta izateko aukera duen. Jarrera eta eraso hauek herriko zein bailarako disidenteon askatasuna erabat mugatzen dute, ezin baikara aske izan ez bagaituzue uzten».

2024-ko maiatzak 21

Iturria: Erran.eus

Atzo arratsaldean Arizkungo plazan egindako agerraldian, Harro Baztanek, Baztango Talde Feministak, Iñarrosi Neska Gazte Taldeak, Baztango Udalak, Arizkungo Alkatetza Taldeak eta Arizkun Rockek gogor salatu zuten «herriko komun publikoetako paretetan egin dituzten pintadak, Arizkun Rockeko azken edizioaren giro onean zikin bat utzi dutenak».

Alde batetik, «komun publikoak izaki, denek erabiltzeko dira eta beraz denen artean zaintzeko ere bai, urte aunitzen ondotik lortu direnak eta zerbitzu on bat ematen diotenak herriari. Hala izaki, hau herritar guzien kontrako erasoa izan dela argi eta garbi utzi nahi dugu».

Bertze aldetik, «agertutako mezu LGBTIQ+foboa gogor gaitzesten dugu, halakoak onartezinak direlakoz gure gizarte anitzean. Arizkun Rocken aitzineko egunean izan zen LGBTIQ+fobiaren kontrako nazioarteko eguna, eta batzuek oraindik ere ea egun horrek zertarako balio duen galdetzen dute. Larunbatekoa bezalako erasoek erakusten dute gorrotoak oraindik hor dirauela, eta gorroto delitu hauek ezeztatu behar direla».

Arizkunen, «urte bat baino gutiagoan, mota berdineko bi eraso eman dira. Ez dugu uste kasualitatea denik, biak ere besta giroan ematea, alkohola eta bertzelakoek ematen baitiete jarrera hauekin jokatzeko eskubide eta zilegitasuna. Alkohola eta bertzelakoak ez ezik, haien inguruak ere irekitzen die bidea horrelako erasoak eragiteko, haien inguruan babesa eta animoak sumatzen badituzte gauzak ez baitira aldatuko. Bide horretatik, ozen erran nahi dugu, jarrera hauek babestu eta onartzen duten konplizeak ere erasotzaileak zaretela, inongo pitzadurarik gabe».

Baztandar guziak adierazpenarekin bat egitera deitu dituzte, «denon artean aitzinerat eginen duen herri bat eraikitzeko».

Gehiago