Asteburu honetan izanen dira Oteitzako herri ihauteriak, eta datozen asteetan ospakizunak herri ezberdinetara zabalduko dira
2026-ko urtarrilak 29

Oteitza prest dago larunbatean Herri Inauteriak ospatzeko. Pasa den astean Larragako joaldunekin, Lizarraldeko hainbat herrietan egiten diren ospakizunei eman zitzaien hasiera.
“Iaz hamar urtetako ibilbidea ospatu genuen, eta urteurrenaren beroan garatu genituen proiektuek gutxienez beste hainbeste urte jarraitzeko indarra eta motibazioa eman ziguten”, esan dute Oteitzako Arrano Elkarteko kideek. Hamar urte horiek ospatzeko sortutako erakusketa igande honetara arte Larragan bisitatu ahal izango da iragarri dute antolatzaileek.

Herri Inauteriak “ikaragarri” hazi direla baieztatzen dute Arrano elkartekoek. “Gure lurraren antzinako kultura gorde eta biziberritzeko asmoz pertsona talde txiki baten ekimenarekin hasi zena, finkatutako eta seinalatutako data bihurtu da herriko jai egutegian. Dozenaka auzotarren auzolanari esker, gure herriak jaiaz gozatzeko aukera izango du berriz ere, eta, edizioz edizio egiten duen bezala, ehunka bisitari hartuko ditu. Kaleak kolorez, musikaz eta alaitasunez beteko dira berriro, guztiak ongietorriak izango diren jai giro goxo bat sortuz”.
Turtumendiko Mariren atzetik ibiliko dira Oteitzako bazterretan zehar egun eta gau magiko honetan; gerbilloak, perratzaileak, artabakoitz bera, gardatxoa, akerbeltz, sorgin eta sendabelargileak, momotxorroak… izaki mitologiko guzti hauek Oteitzara itzuli eta, zirikatzearekin batera, inauteri garaiak irudikatzen duen ziklo aldaketa eta lurraren esnatzea iragarriko dute.
Herri Inauteriak Lizarraldeko herri ezberdinetan finkatzen ari dira. Esan bezala, Larragako joaldunek eman zioten hasiera Lizarraldeko ihauteei. Asteburu honetan jarraipena izanen dute Oteitzako inauteriekin eta datozen asteetan mendigorrian (ots. 6), Lizarran (ots. 7), Ameskoan eta Lezaun (ots. 12), Ameskoan eta Gesalatzen (ots. 14), Aberin, Muniain, Morentinen, Lukin eta Sartagudan (ots. 21), Arroitzen (ots. 28), Artaxoan (mart. 7) eta Egaibar (mart. 14).
“Festa guzti hauetan, herri bakoitzak bere idiosinkrasia berreskuratzen du eta mito ezberdinak ekartzen dizkio Lizarraldeko kultura aberatsari, Lizarrako ikazkinetatik hasi eta Torrijosen pertsonaia zitalaren erreketarekin ematen den Sartagudako alargunen ahalduntzeraino… herri bakoitzeko pertsonaia eta elementu guztietatik pasatuz. Elkarrekin, gure nortasun eta zentzu komunitarioa aberasten duten jatorrizko tradizio eta elementuen sare sutsua osatzen dugu. Auzolana, euskararen eta jatorrizko kulturaren berreskurapena, sare lana, sormena… osagai horiek guztiek gure inauteriak fenomeno berezi eta balio sozial handiko bihurtzen dituzte”, diote Oteitzako lagunek.
Egun osoko egitaraua Oteitzan
Hamaiketakoarekin hasiko da egun handia Oteitzan, 11:15ean, dantzekin girotuta. 12:30etan kalejira txiki bat egingo da herrian zehar. 13:30ean kantuzarekin jarraituko dute. 15:00etan herri bazkaria izango da. Arratsaldean, 19:30etik aurrera, kalejira egingo da herriko hainbat leku berezietan, eta Herri Inauterietako hainbat pertsonaien agerraldia emango da. Azkenik, 20:30etik aurrera, Galo Aldaparen jaitsiera tradizionala egingo da, eta, ondoren, Arrason antzerkia.
