Aske dira Naroa Ariznabarreta, Aritz Azkona eta Ainara Ladron
Donostian epaitu dituzte Saioa Zerain, Ainara Ladron, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Asier Alberdi, 2007 urtean A-8 autobidea moztea leporatuta. Fiskaltzak zigor eskaera 21 hilabetera jaitsi du bakoitzarentzat.
2016-ko martxoak 18
Gaur egin dute Donostian, duela bederatzi urte gazte mugimenduaren kontrako jazarpena salatzeko A-8 autobidea moztu zuten lagunen kontrako epaiketa. Bertan, Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen Naroa Ariznabarreta, Asier Alberdi, Aritz Azkona, Saioa Zerain eta Ainara Ladronentzako, baina gaurko saioan eskaera 21 hilabetera jaitsi du, bakoitzarentzat.
Lau aldiz atzeratu dute epaiketa. Azkenekoz, martxoaren hasieran, Ladron, Azkona eta Ariznabarreta epaiketara ez baitziren agertu. Horren ondotik, hirurak atxilotuak izan ziren, eta Martutenetik Valladolid eta Logroñoko espetxeetara urrundu zituzten, nahiz eta epaiketa aste baten buruan egingo zen.
Gaurko saioan jakin da hirurak aske geratuko zirela.
Eleak Mugimenduak, atzo, prentsa ohar baten bidez, hiru gazteok «Donostian epaiketarako hitzordua zutela jakina izanagatik, joan den astean mendeku gosez Logroñora eta Valladolidera dispertsatu» zituztela salatu zuen.
Ildo horretan, eta epaiketari begira, Eleakek «salbuespen politikak oro har eta gazte hauen aurkako jazarpena zehazki bidegabeak direla uste duten herritar guztiak» deitu ditu gaur, goizeko 9.45ean, epaitegiaren aurrean elkarretaratzera. «Saioa, Asier, Ainara, Aritz eta Naroari gure elkartasuna eta xamurtasuna adieraziko dizkiegu», azaldu zuen Eleakek, gaineratuz bederatzi urte hauetan guztietan agertu duten jarrera desobedientea «babestu eta txalotuko» duela, era berean.