Aske antolakundeak Amnistia Eguna ospatuko du ekainaren 3ean Donostian

Gaur Iruñean emandako prentsaurreko batean, Askek iragarri du "Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioa eta hori gainditzeko beharrezkoa den amnistia erdiesteko" lanketa eginen duela herriz herri, eta ekainaren 3ean "Amnistia eguna" ospatuko duela Donostian. Ondorengo komunikatua irakurri dute agerraldian.

2023-ko urtarrilak 24

Askotarikoak izan dira Euskal Herriko militante iraultzaileek pairatu behar izan dituzten errepresio formak, askapen borrokaren historian zehar. Frantziar zein espainiar estatu zapaltzaileek beraien eskura duten makinaria errepresibo guztia baliatzen dute, askapen grina duen proiektu iraultzaile baten aurka. Hori dela eta, atxiloketak, torturak eta erailketak izan dira militante iraultzaile askok pairatu duten patua, borrokatzeko hautua egiteagatik.

Noski, ondorio horien guztien jakitun izanda hartu zuten borrokara batzeko erabakia. Izan ere, dominazio forma orok biolentzia du tresna nagusitzat bere zapalkuntza aurrera eramateko, eta espainiar zein frantziar estatuak ez direla salbuespena. Hori horrela, militanteentzat Euskal Herriak pairatutako zapalkuntza nazionalaren eta sozialaren aurrean borrokatzea inoiz ez da aukera bat izan, behar bat baizik.

Kapitalaren partetik jasandako zapalkuntza hori ez da Euskal Herrira mugatzen den errealitatea, ordea, kapitalismoaren atzaparren pean aurkitzen den munduko edozein txokotan ezaguna den errealitate komuna baita. Jakina, errepresioa errealitate konkretura moldatzen den tresna da, eta errepresioak gaurdaino forman eta itxuran bilakaera bat izan badu ere, horrek ez du esan nahi errepresiorik ez dagoenik. Alta, errepresioa gaur egungo baldintzetara egokitu da. Eta militante zein antolakunde ezberdinak ekonomikoki ito, mehatxu eta jarraipenen bitartez kikildu edota etengabeko neurri judizialen bitartez suntsitzea dute helburu.

Burgesiak errepresioaren bitartez errealitate konkretura moldatzeko gaitasuna duen bitartean, etorkizuna baldintzatu eta hori zehazteko ahalmena du. Gauzak horrela, azken hilabeteetan proposatzen eta indartzen ari diren neurriek etorkizun iluna iragartzen digute. Izan ere, krisi egoeran Euskal Herri Langilearen bizi baldintzek okerrera egiten duten heinean, horren antolakuntzak eta mobilizazioak ere gora egiten dute, eta burgesiak horiek neutralizatzeko eta deuseztatzeko baldintzak ezartzeko beharra du.

Ildo horretatik, Euskal Herriak nazionalki eta sozialki zapalduta jarraitzen duen bitartean, askapen borroka eta hori deuseztatzeko burgesiak baliatzen duen errepresioa konstante bat izango dira. Horregatik, egoera hori iraultzeko eta Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntzarekin eta errepresioarekin behingoz amaitzeko, amnistia eskuratu beharra dugu. Amnistia dominazio egoera hori iraultzeko halabeharrezko baldintza baita. Amnistia gehiagorengatik borrokatu behar ez izateko eta honengatik errepresio gehiago pairatu behar ez izateko ezinbesteko baldintza, alegia.

Azkenean, amnistia Euskal Herri Langileak erabateko askatasuna izango duen etorkizunerako mugarria da, ASKE-tik ez dugularik etsiko hori lortu arte. Horretarako, auzoz auzo, herriz, herri… Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioa eta hori gainditzeko beharrezkoa den amnistia erdiesteko lanketak eramango ditugu aurrera. Bide horretan, ekainaren 3ean amnistia egun bat egingo dugu, maila internazionaleko zein Euskal Herriko errepresioaren inguruan hausnartzea eta ASKE-k ditun erronkak mahaigaineratzea helburu izango duena.
Independentziaren eta sozialismoaren bidean, Euskal Herriak Amnistia!

Gehiago