‘Askatasuna eta bakea… Euskal Herriak erabaki! lemapean ospatuko da Aberri Eguna Gernikan
Aberri egunaren eta Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira elkarlanean prestatu dituzten mobilizazioen eta ekitaldien berri eman dute goizean, Astran. Besteak beste, hitzaldia, mahai ingurua, antzezlana eta elkartasun ekitaldia egingo dituzte datorren hilabetean.
2017-ko martxoak 6
Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dituzte apirilaren 16an Gernika-Lumon, eta egun osoko egitarau “zabal eta oparoa” antolatzeko zereginean ari dira. 12:00etan udaletxetik manifestazioan aterako dira, eta amaieran, ekitaldi politikoa egingo dute Pasealekuan.
Askatasuna eta Bakea… Euskal Herriak Erabaki lemapean askotariko ekimenak burutuko dituzte apirilean. Euskal herritarrak “menpekotasunezko iraganari” loturik mantentzen dituzten kateak apurtu, eta etorkizunera salto egiteko garaia heldu dela aldarrikatuko dute.
Etorkizuna erabakitzeko garaia iritsi dela adierazi du Maite Aristegi Independentistak sareko kideak: “Mende luzeetako menpekotasunaren zamak sakon markatu du euskal gizartea, baina, belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu da askatasun egarria, eta gaur egun, inoiz baino argiago dago geure buruaren jabe izateko beharra”.
Gernikak dependentziaren kaltea ondo adierazten duela azaldu du goizeko agerraldian, baina, aldi berean, mundu osoan askatasunaren eta bakearen ikur bilakatu dela gogora ekarri du: “Menpekotasunetik, sarraski gordinetik eta sufrimendutik askatasuna eta bakera egiten du salto Gernikak. Iraganetik etorkizunera. Zaharretik berrira. Dependentziatik independentziara”.
Bestalde, Gernika Batzordeko Sabin Ibazetak salatu du 80. urteurrena beteko den honetan, ardurak onartu gabe, egia azaleratu gabe, justizia egin gabe eta erreparazioari biderik eman gabe jarraitzen dutela.
Horregatik, legeak “derrigortutako ahanzturatik” libratu beharra azpimarratu du: “Gizateriaren aurkako ekintza hura argitu beharra dago, memoriara ekarri eta kontatu beharra. Gure kolorez betetako txoriak kontatu eta kantatu egiten du; askatasunari kantatzen dio, elkartasunari, dibertsiateari. Eta guztion aurrean dagoela baliatuz aldarri bat egiten du, Guernica Gernikara”.
Ibazetak esan duenez, bonbardaketagaz “herri oso bat suntsitzeko” asmoa izan zuten, eta Herbert Southwoth kazetari, idazle eta historialari estatubatuarraren berbak aipatuz, suntsiketa hark “espainiar estatu berriaren sortze agiria” ekarri zuela gogoratu du.
Klandestinitatean
Maria Gonzalez EHUko irakasleak Gernika Batzordearen sorrera aipatu du. 1975. urtean sortu zenean, herritarren aurkako bonbardaketari buruzko ikerketa eta oroimen kolektiboa berreskuratzeko zereginean klandestinitatean egindako lana nabarmendu du.
Bonbardaketaren egia lekukotzen eta historialarien jardunaren bitartez berreskuratu zela azaldu du, eta ondorioak 1987an egindako Historialarien Mahaian azaleratu zituztela.
Hain zuzen ere, mahai inguru historiko haren transkripzioa argitaratuko dute apirilaren 6an, Astran, eta, bestalde, bonbardaketaren testuinguru soziopolitikoa hainbat ikuspuntutatik azaltzeko mahai ingurua antolatu dute apirilaren 24rako.
Egun horretan Renoko Unibertsitako Xabier Irujo irakasleak bonbardaketa genozidioaren testuingurua azalduko du, eta Ingo Niebel kazetari eta historialariak Condor Legioaren “puntu ilunak” argituko ditu. Halaber, Euskal Memoria Fundazioko lehendakari Iñaki Egañak Espainiar Estatuaren “errepresio jarraituaren” kronologia zehaztuko du, eta Gonzalez EHUko irakasleak gezur ofizialaren komunikazioaz berba egingo du.
ELE antzezlana
Bestalde, apirilerako aurreikusitako ekitaldien artean, Josu Camararen ELE antzezlana aurkeztu dute goizean. Camarak berak azaldu duenez, Lorcaren poesiaren emozioak eta Lauaxetaren bihotz barruko emozioak eszenara eroan, eta publikoari igorriko dizkiote apirilaren 22an Lizeo Antzokian egingo duten ikuskizunean.
Zuzendariaren berbetan, ez-ohiko lana da, ildo argumentu argirik ez duena, eta bi kulturen arteko harremanaz hitz egiten du: “Asko bi kultura horien oinordekoak gara.”
Bi poeten lanaren hariaren gidaritzapean, hitzak, musika, irudiak, eta antzerkia uztartzen ditu obrak, eta hain desberdinak diruditen bi kulturek eta herriek, poesiaren eta artearen bidez bizitzaren balore sakonetan zelan bat egiten duten adieraziko dute.
“Memoria historikoaren ur sakonetan barrena, aniztasunaz eta artearen giza-baloreetaz ariko da, bi poetak iraganetik orainera ekarriz. Euskal Herrian gatazka urte luzeetan bizi izan dugun gizarte banaketa kultural eta soziologikoari argia emango dion bi poeta handi hauen besarkada izango da”, azaldu du Camarak.
Bonbardaketaren 80. urteurrenaren ekitaldiak:
Apirilak 6, eguena:
19:00. Gernikako bonbardaketa. Historialarien ondorioak hitzaldi-eztabaida, Astran.
Apirilak 16, domeka (Aberri Eguna):
12:00. Manifestazioa udaletxetik. Amaieran ekitaldi politikoa Pasealekuan.
Apirilak 22, zapatua:
19:30. ELE Lorca-Lauaxeta antzezlana, Lizeo Antzokian.
Apirilak 24, astelehena:
18:00. Gernika. Historia bizia eta oroimena mahai inguru-eztabaida, Lizeo Antzokian.
Apirilak 25, martitzena:
19:00. Katalunya-Euskal Herria elkartasun ekitaldia, Elai Alai aretoan.
Apirilak 26, eguaztena (Bonbardaketaren 80. urteurrena):
15:45. Lau minutuko isilaldia, sirena eta kanpai hotsa.
Arratsaldean. Gernika Garretan herri antzerkia.
Iluntzean. Manifestazioa kandelekin.
Apirilak 28, barikua:
18:00. Historiaren markak ibilaldia kalerik kale.