Askapenaren brigadak aurkeztu dira Txantrean
“Elkartasuna da, herrien arteko xamurtasuna, ixiltasunaren memoria, ohi garen begi zaindaria. Hauxe da jarrera, taldea gauzatu egin dena, piztu egiten duena sarea, eramaten gure izarran”
2014-ko otsailak 26
Honela deskribatzen zituen Brigadistak Fermin Muguruzak hain zuzen “Brigadistak” izeneko abestian. Baina ba al dakigu zer den Brigada bat? Zer egiten da Brigada batean? Zer da Brigadista izatea? Galdera guzti hauek erantzuteko Askapenako kideak eta Saharako lurralde okupatuetan egondako brigadista bat egon ziren otsailaren 25ean Txantreako Auzotegin.
Aurkezpena 19.30tan hasi zen Askapena eta brigaden inguruko azalpen labur batekin. Bertaratutakoei azaldu zitzaien brigaden helburu nagusia zein den: joan-etorriko internazionalismoa praktikatzea, brigadaren helmugako lurraldean gertatzen dena jasoz gero hemen kontatzeko eta hemen gertatzen dena bertako jendeari kontatzea, borrokan ari diren herri langileen arteko zubi-lana eginez. Brigadistak, beraz, lan politiko bat egitera joaten dira helmugako herrialdera: bertako eragileekin biltzera, hitzaldiak ematera, eta abar. Brigadan abiatu baino lehen, formakuntza saio batzuk eginen dira maiatzean, eta bueltatzerakoan ere bai.
Aurtengo brigadetan parte hartzeko epea zabalik da
Ondoren, 2012 urtean Saharako lurralde okupatuetan egondako brigadista batek bere esperientzia kontatu zuen. Bertaratutakoek esan zuten bezala, Saharar herriarengan pentsatzean kanpamenduak etorri ohi zaizkigu burura, haietaz gehien ezagutzen duguna hori baita, lurralde okupatuetan blokeo mediatiko ikaragarria dagoelako. Baina Askapenaren brigadak lurralde okupatuetara joaten dira, eta bertan saharauiek jasaten duten errepresio bortitza eta bazterketa izugarriaren lekuko izaten dira brigadistak. «Basakeria horien berri emateko ezinbestekoa da brigada hauek antolatzea», azpimarratu zuen brigadista ohiak, «komunikabideen bitartez ez baitzaigu heltzen hango berririk».
Aurten Palestina, Sahara, Venezuela, Bolivia, Argentina eta Uruguay, Gaztela-Aragoi eta Herrialde Katalanetara antolatuko dira brigadak, eta bakoitzean gai zehatz batzuk jorratuko dira.
Brigadak udan izanen dira, uztailan eta abuztuan, eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31a arte. Honetarako email bat idatzi beharra dago brigadak@askapena.org helbidera.