Askapena: “Internazionalistak garelako espetxeratu eta ilegalizatu nahi gaituzte”
Estatu espainiarrak emaniko kalifikazio fiskalaren aurrean Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vázquez eta Gabi Basañez auziperatuek eta 28 urte luzeetan Askapenan lanean ibili diren 80 lagun baina gehiagok agerraldia burutu zuten eta internazionalismoa Euskal Herriaren askapen prozesuko ezinbesteko ardatza dela ulertuta lanean jarraituko dutela adierazi.
2015-ko otsailak 16
2010ean ekindako polizia operazioaren kalifikazio fiskala aste honetan jakin berri da: isun ekonomikoa eta 6 urteko kartzela zigorra Gabi, Unai, Walter, Dabid eta Aritz kideentzat eta Askapena, Askapeña, Herriak Aske y Elkar Truke elkarteen ilegalizazio eta disoluzioa.
Egun hauetan jasotako babes eta elkartasuna guztia eskertu ondoren, auziperatuek, polizia operaziotik lau urte baina gehiago iragan diren honetan, atxiloketekin bilatzen zuen argazki hartaz gain, Espainair Estatuak sakontasun politiko handiagoko helburua duela azaldu zuten. Beraien militantzia politikoari inork ezin dizkiola mugak jarri eta hau, epaiketa bat gehiago izatea ez dutela onartuko adierazi zuten. Horregatik, internazionalista bezala, herri mugimenduko kide bezala, estatua geldiarazteko tresna izango direla azaldu zuten.
Askapenak berriz, azpimarratu nahi izan zuten Estatu espainiarrak ilegalizatu nahi duena "internazionalismo iraultzailea" dela. Hau da, "proiektu antiinperialista, antikapitalista eta antipatriarkala". Izan ere, eta horren erakusle baita eskaera, "Euskal Herrian eraikuntza sozial eta nazionalean aurrera urratsak eman eta gaur egungo krisi testuinguruan sistema kriminal hau sustraietatik aldatu nahi dugun herrion arteko elkartasun zubiei beldur dira".
Auziperatu eta Askapenako kideek argi utzi nahi zuten ez dutela onartzen euren lan eta borroka debekatu edo zigortu asmo duen inolako epairik. "Are gutxiago Espainiar Estatua bezalako Estatu inperialista baten aldetik. Horregatik lanean jarraituko dugu, kaleetan, gaztetxe eta tabernetan, brigadak eta hitzaldiak antolatzen, beste herrietako borrokak gurera ekarri eta Euskal Herriaren borroka lau haizeetara zabaltzen", adierazi zuten larunbatean Donostian emandako prentsaurrekoan.
Gehiago
3