Asier Karrera euskal presoaren askatasuna eskatu dute Etxarrin

Sakanako euskal preso politikoaren etxeratzeko prozesuan oztoporik ez jartzea eskatu dute hamarka lagunek gaur Etxarri Aranatzen egindako manifestazioa. Karrera 3. gradua eskuratu zuen eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz kendu egin diote eta espetxeratu dute berriz ere.

2023-ko otsailak 24

“Berriz ere euskal presoen etxeratzearen aldeko oztopoak eta erasoak. Berriz ere herri honek behar duen konponbidearen aldeko bidean atzera urratsak”. Horrela hasi da manifestazioaren bukaeran irakurri den komunikatua. Haserrea eta amorrua nabaria da Etxarriko bizilagunen artean Karrera berriz espetxeratzeko Auzitegi Nazionalak emandako agindua salatzerako orduan. “Mendeku gosea” leporatu diote auzitegi honi.

“Azken 2 urtetan urrats garrantzitsuak eman direla ezin da ukatu”, azpimarratu dute. Urruntze politikaren amaiera “oso positiboa” dela eta horrekin batera askatasuna lortzeko aukerak zabaltzen direla aipatu dute. Baina hala ere, Asier Karrerarekin gertatu denak erakusten du oraindik ere etxerako bidea luzea dela.

“Asierrek ia 23 urte daramatza espetxean, urte gehienak baldintzarik gogorrenetan. Urriaren 6tik Martuteneko Espetxe Tratamenduetako Batzordearen arabera, legea eskuan hartuta baldintza guztiak betetzen zituelako, Eusko Jaurlaritzak 3. graduan jarri zuen, inongo arazorik gabe eta legeak dion bideari jarraituz, birgizarteratze fasean aurrera eginez. Eta Auzitegi Nazionala bezalako salbuespenezko organo juridiko batek, garaileen eta garaituen arteko eztabaida argi eta garbi markatzeko asmoz, Boltioren eta beste guztien etxerako bidea oztopatu nahi du. Euskal presoen aurka garaile eta garaituen kontakizun hori inposatzea lortzen ez duten bitartean, ez dute gelditzeko asmorik”, salatu dute.

3. graduak errekurritzen ditu sistematikoki Auzitegi Nazionalak

Gaur gaurkoz, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak onartutako ia 3. gradu guztiak sistematikoki errekurritu ditu Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, eta hainbat preso espetxera itzuli dira. Azkena atzo bertan, Ainhoa Barbarin Urretxuarra.

“Ez du zentzurik beren legeak bihurritzen jarraitzeak, legeria bera ez betetzeko eta, are gehiago, presoen egoera bera zigortzeko funtsezko helburu gisa, ez bada behintzat mendekuan oinarritutako jarrera bat mantendu nahi dutelako eta konponbide orori ateak itxi nahi diotelako”, dio Sare Herritarrak.

Jarrera horren aurrean, elkarbizitzaren aldeko hautua egiteko eskatu du Sarek. “Herri honetan ezingo da aurrera egin, ezingo da elkarbizitza integralik eraiki, baldin eta presoen korapiloa askatzen ez bada. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean behar ditugu etorkizunari eta elkarbizitzari aurrez aurre begiratzeko”.

Gehiago