Asier Aginako preso ohia hil da gaixotasun larri baten ondorioz
Asier Aginako euskal preso ohia 2018ko abenduan detektatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil da. Sare Herritarraren ustez, Aginakoren heriotza balio behar du gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe hartzeko, preso horiek espetxean heriotza arte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzera bueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen.
2020-ko urriak 22
Asier Aginako euskal preso ohia 2018ko abenduan detektatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil da. Bere askatasuna 2019ko urtarrilean lortu zen. Horri esker, denbora gutxiz izan bada ere, Aitziber, bikotekideaz eta bien semeaz gozatu ahal izan du aske egon den tartean.
Zorigaiztoko amaiera honek, Sare Herritarrak edo beste elkarte edo alderdi batzuek gaixotasun larriak dituzten presoen egoera salatzen dutenean egiten diren eskariak kontuan hartzeko balio beharko luke. Gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe hartu daitezen balio behar du, preso horiek espetxean heriotza arte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzerabueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen. Finean, gaixotasun larriak dituzten presoak, gaitza diagnostikatzearekin batera askatasuna berreskuratu behar dute, gaitza modu egokian artatu, senide eta lagunen babesean eta konfiantzazko medikuen jarraipena jasoz, gaitza garaitu edota, atzerabueltarik ez duen kasuetan, duten denbora etxekoekin igaro ahal izateko.
Hausnarketa hori Espainiako Gobernuari helarazten diogu, eta irmotasunez salatzen jarraituko dugu preso horiek bizi duten egoera ankerra, salbuespeneko espetxe politikaren ondorio dena, bai eta haien familientzat suposatzen duen kezka eta sufrimendua ere, gaixotasun-egoera horri urruntze-politika ere gehitzen baitzaio.
Aldarri hau presente izango dugu larunbat honetan ere Donostian egingo dugun Mosaikoan.
Familiari, kasu honetan gure babesa, elkartasuna eta maitasuna helarazten diogu. Bereziki Aitziber bikotekideari eta haien semeari.