Artista ugari arituko da Tximeletarekin abenduaren 26ko “Kantuz Librean”

Txartelak 15 euroen truke eskuratu daitezke Iruñea eta Iruñerriko hainbat tabernetan.

2014-ko abenduak 18

Hesianeko Zuriñe eta Fran, Vendettako Pello, Zopiloteseko Konejo, La Chula Potra, Afuko Oihana, Arkadako Mikel, Txerra Bolinaga, Akatuko Ibai, Trono de Judaseko Diego, Fermin Valencia, Cantora Sonora, La Jodedera, Mila Martinez jotera eta Julio Soto eta Eneko Lazkoz bertsolariak arituko dira besteak beste Tximeletarekin batera abenduaren 26ko “Kantuz LIBREan”. Hala ere, ikuskizunaren momentura arte argituko ez diren hainbat sorpresa iragarri dituzte antolatzaileek.

Iruñeko azaroaren 8ko manifestazioaren ondoren, eta zenbait herri eta auzotan egiten ari diren manifestazioen testuinguruan, Iruñerriko Herri Harresiak “Elkartasunez libre” ekimenean parte hartzera deitu ditu herritarrak. 1.000 lagunendako elkartasun afari erraldoia burutuko dute, abenduaren 26an Atarrabian, Hatortxu Rockeko karpan. Helburua dirua biltzea izanen da, Segiko kide izatearen akusaziopean Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteen familiei laguntzeko. Azaldu dutenez, gazte bakoitzak 4.000 euro inguru gastatuko ditu epaiketak iraunen duen lau hilabeteetan (bidaiak, ostatua, abokatuak…)

Afalondoan, hainbat pertsona eta entitatek emandako oparien zozketa berezi-berezia eginen da, eta bukatzeko, “Kantuz libre” musika ikuskizuna: Tximeletak eta artista gonbidatu ugarik gidaturik, epaiketa politikoekin amaitzeko abesti sorta laranja kantatuko dugu. Afariak 15 euro balio du, eta txartelak honako tabernetan daude salgai: Carmen kaleko Herriko Taberna, Zurgai eta Txorimalo (Txantrea), IparGorri (Rotxapea), Zaldiko (Antsoain), Toki (Donibane), Akelamendi (Barañain) eta Basajaun (Atarrabia). Txartelak lehen bait lehen eskuratzea gomendatzen da. Hala nahi duenarendako menu begetarianoa hartzeko aukera izanen da ere (bonoak soilik Carmen kaleko Herrikoan salgai).

Hatortxu Rock kontzertuaren azpiegiturari esker (karpa, eszenatokiak, musika-ekipoak, berogailua, sukaldea, barrak,…), gau atsegina pasatzeko eta ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izanen da. Iruñerriko Herri Harresia osatzen duten guztiek Hatortxuri eskerrak eman nahi izan dizkioete "keinu laranja" horregatik, jaialdi honek berez duen elkartasunezko izaerari beste ukitu solidario bat gehitu diotelako.

 

Gehiago