Arrotxapeko jaietako Gazte Eguna bertan behera utzi dute debeku mehatxuengatik

Iruñeko Arrotxapea auzoko jaietan gaztetxean antolaturikoa debekatu egin diete, eta isunen eta desalojoaren mehatxuaren aurrean, egitaraua bertan behera uztea erabaki dute gaztetxeko kideek.

2018-ko ekainak 8

Jaien bezperetan jaso dute debekua: “Auzoko festen bezperan, egun hauetarako gazteriak gaztetxean antolaturiko jarduera bakarra mehatxupean debekatu egin digute”. Egoera ikusita hartu nahi ez zuten erabakia hartzera behartuta ikusi dute euren burua, alegia, ostegunerako antolatua zuten Gazte Eguna bertan behera uztea.

Honela argudiatu dute egitaraua bertan behera utzi behar izatea: “Lehenik eta behin, 6.000 eta 60.000 euro arteko hainbat isunen arriskua helarazi digute. Hau gutxi balitz, ekintzak burutuz gero lokala itxiko dutela argi utzi dute. Gure egoera kontuan izanik honi ezin diogu aurre egin. Alde batetik, laster espero dugun epaiketa baten zain gaude, non gaztetxeko hainbat kide epaituak izango diren eta 40.000 euroko ordainketari egin beharko diogu aurre. Bestetik, azkenaldian isun eta jazarpen polizial ugari pairatu ditugu. Gainera guk aurrera egitekotan ondorioak Errotxapeako beste hainbat kolektibok jasango lituzkete”.

Gehiago