Arrotxapeako gaztetxearen defentsan mobilizazioak iragarri dituzte

Urriak 6an "Autodefentsa eguna" izeneko ekimena eginen dute, Iruñerriko gune autogestionatuen arteko elkarlanaren ondorioz. Beste aldetik, urriaren 31an Gaztetxeko hainbat kideen aurkako epaiketa dela eta, hainbat mobilizazio iragarri dituzte.

2018-ko irailak 30

Arrotxapeako Gaztetxearen egoera judizialaren berri emateko atzo egindako agerraldi jendetsuan gune autogestionatu honen kontrako epaiketa datorren urriaren 31an izanen dela iragarri zuten. Auziperatutako gazteek 40.000 euroko isun bati aurre egin beharko diote.

Salaketa jartzen duena hainbat partez osaturiko “junta de conpensación” delakoa da, eta honen parte dira Talleres San Pedro, Iruñeko Udala eta hein handi batean La Caixa. Azken hau buru belarri ibili da gazteak okupatutako eraikinetik botatzeko asmoarekin, etxebizitzak eraikitzeko. 

“Logika kapitalistatik at, eta eguneroko elkarlanaren bidez auzokideok auzo eredu alternatiboa eraikitzen dugu. Honetan, gure beharrizan eta gabeziak asetzeko, gaztetxearen prioektua gauzatu dugu, hau herri mugimendu bezala ulertuz”, aipatu zuten. Bi urte hauetan zehar hainbat ekimen eta proiektu ezberdin sortu eta garatu dira: Herri antzokia, Okindegi Komunala, Frontoia, Liburutegia eta txikitxokoa… eta orain rokodromo bat egiten ari dira. Gainera, astero egiten dira jarduera ezberdinak: antzerkiak, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, proiekzioak, zinema eta beste asko.

“Bistan da kolektibizazioa gure oinarrietako bat dela eta ez digutela lekurik utzi nahi bizi garen sistema indibidualistan”, salatu zuten. Eta kritikatu zuten Iruñeko Udalak ekimenak egitea debekatu izana ebazpen administratibo baten bidez eta Udaltzaingoaren “presentzia eta jazarpena”.

“Espazio abandonatuen askapenean sinisten dugu proiektu komunitarioak sortzeko, eta batez ere, auzokide guztiona den Errotxapeako gaztetxeak bezala, denbora luzez martxan daramaten proiektuetan. Horregatik espazio honen defentsaren alde eginen dugu, instituzioek mahaigaineratu ditzazketen beste edozein ereduren aurrean”. Horregatik adierazi zuten Arrotxapeako Gaztetxea defendatzeko prest daudela.

Urriaren 6an Autodefentsa eguna deituriko ekimena eginen da. Datorren astean hainbat ekitaldi izanen dira, eta larunbatean egun potentena izanen da. Urriaren 20an gaztetxeen arteko txirrrindula martxa eginen da, eta ostiralero kontzentrazioak eginen dituzte Arrotxapean. Bestetik, urriaren 27an manifestazio bat iragarri zuten, eta epaiketa egunean, urriaren 31an goizeko 11:30etan Iruñeko epaitegietan elkartuko dira.

Gehiago