Arrotxapeako Gaztetxearen defentsa egiteagatik 9 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete 6 gazteei

Gaur egin den epaiketan, gazteen defentsek Fiskalarekin akordio batera iritsi dira iazko irailean Arrotxapeako Gaztetxearen desalojoan atxilotutako 6 gazteek espetxea sahiesteko. Poliziei atentatu eta lesioak eragitea leporatzen zieten, eta azkenik 9 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dizkiete. Hala ere, ez dute espetxean sartu beharko.

2022-ko martxoak 15

Gaitz txikiago bat onartu behar izan dute, handiago bat saihesteko. Sentsazio horrekin atera dira Nafarroako justizia jauregitik Arrotxapeko gaztetxearen hustutzean atxilotutako sei gazteak. Prozesu judiziala hasieratik baldintzatuta zegoela salatu dute, eta autogestioa eta okupazioa kriminalizatu nahi izan dutela. “Nork eginen du horien alde horrelako mehatxuekin?”.

Espetxean sartzeko arriskua izan dute gazteek. Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute haietako bostentzako eta bi urtekoa, seigarrenarentzat. Azkenean akordioa lortu dute eta murriztu egin dituzue zigorrak. Norbanaka negoziatu dituzte. Bederatzi hilabeteko zigorrak eta isunak jasotzen ditu akordioak.

Txalo artean sartu eta atera dira sei gazteak auzitegitik. Hamarnaka herritar bildu dira atarian, gazteei babesa agertzeko. Ohikoan ez bezala, foruzaingoak protesta eremua mugatu die, eta kazetariei azalpenak ematera gunetik atera den gazte bat identifikatu dute.

Gehiago