Arrotxapeak euskarazko haur eskola izango du, baina Txantrean bat gutxiago izango dute

Arrotxapeako euskarazko udal haur eskolaren aldeko plataformak positiboki baloratu du aldaketa, nahiz eta gogoratu oraindikan euskarazko zerbitzu honen eskaintza oso eskasa dela.

2015-ko urtarrilak 30

Dagoeneko ofiziala da: “Rotxapea” Udal Haur Eskola euskaraz izanen da 2015-16 ikasturtetik aurrera, sektore guztietan. Trukea “Egunsenti” Txantreako Udal Haur Eskolarekin eginen da. Gaztelaniazko Udal Haur Eskola bihurtuko da hau, sektore guztietan.

 Jose Carlos De la Dehesa Haur Eskoletako gerenteak gutun bidez eskatu die orain dauden gurasoei moldatzeko, hiru aukera emanez: “Egunsenti”-ko gurasoek hor segi dezakete, erdaraz; Rotxapea Haur Eskola aukera dezakete, euskaraz; “Izartegi” Txantreako Haur Eskolara joan daitezke, euskaraz. Aldi berean, Rotxapea Haur Eskolako gurasoek hor segi dezakete, euskaraz; Txantreako “Egunsenti” Haur Eskolara alda daitezke, erdaraz; “Haurtzaro” Arrotxapeko Haur Eskolara joan daitezke, erdaraz.

Arrotxapean euskarazko udal haur eskola izateko "konponbiderik onena" ez dela uste dute Arrotxapeako euskarazko udal haur eskolaren aldeko plataformako kideek, Txantrean bat gutxiago izanen delako. "Hala ere, eskaintza orekatuagoa izanen da, bi auzoetan eskainiko da eta guraso gutxiagok ibili beharko du alde batetik bestera ohiko buruhausteekin", ziurtatu dute.

Hori kontutan izanik, Arrotxapeko euskarazko udal haur eskolaren aldeko plataformak "positiboki" baloratzen du aldaketa. "Ziur gaude Arrotxapean euskarazko matrikulazioetan aldeko eragina izanen duela", baieztatu dute.

Dena den, Iruñeko 11 auzotan, Udal Haur Eskoletan euskarazko eskaintzarik ez dagola gogoratu dute. Beraz, Iruñean oraindik ere "gabeziak oso nabarmenak" direla esan dute. Ildo berean, Arrotxapean  euskarazko eskaintza duen instituturik ez dagoela gogora ekarri dute. "Biurdana institutu gero eta masifikatuagora joan behar dute Arrotxapeko ikaslek, auzotik kanpora. Haur eta Lehen Hezkuntza euskaraz soilik Arrotxapeko 4 ikastetxeetatik batean dugu". Beraz, "badago zer borrokatu. Hala ere, orain ospa dezagun Iruñean euskarazko Udal Haur Eskolen eskaintza orekatuagoa izatea".

Gehiago