Arriaga berriz sakabanatu dute, bere amaren heriotza eta gero familiarekin egotea utzi gabe
“Oraindik ezin izan diogu kontatu bere ama nola hil zen“, salatu du bere sendiak. Josune Arriagak ezohiko komunikazioa zuen baimenduta gaur arratsalderako. Topaserako (Salamanka) lekualdaketa gaur goizean izan da.
2016-ko irailak 15
Bere familia kideek Etxerati jakinarazi diotenez, Josune Arriaga euskal preso politikoa Topaseko (Salamanka) espetxera lekualdatua izan da gaur goizean.
Traslado horrek, gaur arratsalderako baimenduta zuen vis a vis komunikazioa galarazi dio Josune eta haren familiari, bere amaren heriotzatik, familia elkartzeko zuten aukera bakarra zen. Euskal preso politikoaren famili kideek azaldu dutenez, oraindik ezin izan dute ama nola hil zen inguruan berarekin hitz egin. Josune Arriagaren senideentzat ere aukera bakarra zen izebarekin egoteko, 900 kilometroko desplazamendua egitera derrigortuak izan gabe.
Bere amaren heriotza baino bost egun lehenago, Kartzela Erakundeek presoak hura ikusteko eskatutako traslado baimena ukatu zuen. “Zuk diozu hiltzen ari dela” izan zen espetxeak emandako erantzuna, osasun txostenak aurkeztu arren. Irailaren 7an, azkenik, bere ama zendu zen, eta 9an, Josune Arriaga Iruñera trasladatua izan zen hiletan izateko. Oraingoan ere, Kartzela Erakundeek erabaki zuten bere amari azken agurra nola eman: baimena eskatu arren, ez zioten gorpuaren errausketan egoten utzi. Hiletaren egunean bere senideekin minutu gutxi batzuk egoteko aukera izan zuen, elizan bertan.
Etxeraten irudiko, egungo espetxe politikaren mendeku xedea horrelako egoeretan bereziki geratzen da agerian. “Oraindik bizirik zegoenean bere ama ikusteko debekua, errausketan egoteko baimena ukatzea eta familiarekin egon baino ordu batzuk lehenago lekualdatzea, oinazea areagotzeko borondate garbia bezala baino ezin da ulertu. Hori da, eta ez beste ezer, dispertsio politikaren helburu bakarra”.