Arratibel eta Aldasoro babesteko ekimen bat martxan jarri dute Sakanan
2016-ko martxoak 13
Hurrengo hilabeteetan Jon Patxi Arratibel “Xafan” eta Joxe Aldasoro sakandarrak epaituko dituzte Audientzia Nazionalean. Zortzi eta bederatzi urteko eskaerak dituzte eta biek torturak salatu zituzten. Hala eta guztiz ere, komisaldegitik pasa ondoren, espetxera bidali zituen epaileak eta ia bi urte eman zituzten kartzelan.
“Epaiketa hau burutzea astakeria da tortura berak prozesu osoa baliogabetzeaz gain, ustezko delituak aktibitate politiko hutsa direlako”. Izan ere, Arratibel eta Aldasoro Ekin erakunde politikoarekin lotu zituen epaileak.
Epaiketa berri hau salatzeko dinamika bat jarri dute martxan Sakanan, “jendea kalera” ateratzeko eskubide zibil eta politikoen defentsan. “Sakanako herritarrak disidentzia zigortzen duen salbuespenezko legedia arbuia dezan bilatzen dugu; Sakanako jendea euren eskubideen defentsan ahalduntzea bilatzen dugu; eta noski, Xafan, Joxe, Edurne, Ainara, Ruben, Adur eta Franek epaiketarik ez izatea nahi dugu”, azpimarratu zuten Etxarrin larunbatean emandako prentsaurrekoan.
Eta ekimen berri honi irudia eta soinua jartzeko, adarrak eta bere soinua erabiliko dituzte. “Adarraren alarma deia, adarraren elkartasun deiadarra erabiliko dugu horretarako. Pasa dadila adarra herri batetik bestera eta herritar batetik hurrengora; bihur dadila bere soinua askatasun garrasi eta borrokarako deia”.
Adar-jole bat eramango dute Sakanako herri bakoitzera epaiketa politikoen kontrako deiadarrak biltzeko eta atxikimenduak jasotzeko.
Apirilaren 23-an Etxarrin Elkartasun Eguna
Apirilaren 23-an Etxarrin ospatuko den Elkartasun Egunean elkartasun keinu guztiak biltzeko ahaleginak eginen dituzte. Egun horretan arratsaldeko 20:00etan “Epaiketa politikorik ez; Xafan eta Joxe ASKE!” lelopean manifestazio bat eginen da.