Aroztegiko auziperatuei elkartasuna adierazteko jaialdia antolatu du Leitzako Gaztetxeak
Atekabeltz Gaztetxean martxoaren 13an ospatuko da kontzertua eta jasotako dirua Aroztegia proiektu espekulatzailearen aurka aritu ziren baztandarren zigorrak ordaintzen laguntzeko bideratuko da. Aingura, Brigade Loco, Dña Eskopeta & The Kartutxos eta Dj Infernu igoko dira oholtzara.
2026-ko otsailak 24
Aroztegiko epaiketan, nahiz eta talde kriminaleko izatea akusazio larriena bertan behera geratu zen, Iruñeko epaitegiak osotara 62.100 euroko isunak ezarri zien auziperatuei bere epaian. Epaileak zehaztu zuen isunak mantentzen zituela akusatuak protestetan zenbat aldiz identifikatu zituztelako 2021eko apirilaren 8an, 9an, 16an eta 20an makinak geldiarazteko egindako ekintzetan. Erantzukizun zibila dela-eta, auzipetuek kalte-ordaina eman beharko diete Explotaciones Forestales Queipo SLri eta Obras y Servicios Tex SLri.
2009. urtean, Lekarozen hirigintza-proiektu bati ekin zitzaion: Aroztegia Jauregiaren proiektua, golf-zelai bat, jauregi zaharrean hotel bat eta 228 etxebizitza inguruko bizitegi-eremu bat eraikitzeko asmoz, eta horren sustapena “Mercantil Palacio de Arozteguía SL” enpresak egin zuen. Proiektu horren aurka agertu zen Baztango herritar gehien, ingurumenean, gizartean eta politikan izango zuen eraginagatik. “Aroztegia eta gero zer…? ekimenak dinamizatu zituen herri-protestak, eta obrak hastearen aurka agertu zen. Behin baino gehiagotan lortu zuten obrak gelditzea desobedientzia zibileko ekintzen bidez, eta, azkenean, bertan behera geratu ziren, administrazio-baimenik ez zutelako.
Pasa den urteko maiatzean egindako epaiketan, Fiskaltzak eta akusazioek talde kriminalaren delitutzat eta hertsapen jarraituen delitutzat jo zituzten egindako ekintza horiek. Fiskalak 34 hilabeteko espetxealdia eskatu zuen auziperatuentzat, baina azkenean epaileak ondorioztatu zuen ezin zela egiaztatu talde kriminalaren delitu bat zegoenik. Hala ere, obrak gelditzeagatik eta honek suposatu zituen gastuengatik zigortu zituen ekintzaileak, eta isun handiak ezarri zituen.
Elkartasun ekimenak han eta hemen antolatzen ari dira azken aste hauetan, eta martxoaren 13an Leitzako Atekabeltz Gaztetxearen txanda izango da. Sarrerak bizum bidez erosteko aukera dago.

Gehiago
1
Los centros educativos reclaman cambios en la implantación de la FP Dual y llaman a movilizarse el sábado en Iruñea
