Aroztegiari aurre egiteagatik auziperatuekiko elkartasun manifestazioan parte hartzeko deia egin du Ernaik

Otsailaren 1ean Iruñean eginen den manifestazio nazionalean Gazte Blokea osatuko du Ernaik.

2025-ko urtarrilak 25

7 baztandar epaituak izanen dira 2025ean Aroztegiko lurretan obrak gelditzeko kanpaldian parte hartzeagatik, tartean, Ernaiko 4 militante. Auziperatu hauei babesa eta elkartasuna adierazi nahi die gazte antolakundeak, eta kriminalizazio saiakera salatu du. “Ez da kasu isolatua. Sistema kapitalista, ekozida eta zisheteropatriarkatuari mesede egiten dion aurrekari bat sortu nahian dabiltza eta herri mugimendua kriminalizatzera joko dute hemendik aitzinera”, esan dute gaur Lekarozko plazan egindako agerraldian.

“Eehunka lagunek parte hartu zuten kanpaldi batean 7 pertsona soilik auziperatu izanak, militantzia politikoan aritzeagatik eta herri mugimenduan parte hartzeagatik epaituak izanen direla argiki adierazten du. Agerikoa da militantzia politikoa kriminalizatzea dutela helburu, herria beldurtu eta kikildu nahian, baino hori uste duten horiei: ez gaituzue isilduko, geroz eta gehiago gara, eta Euskal Herri hobe bat gazte borrokaz eraikitzeko prest gaude”, adierazi dute.

Baztan ez dago salgai

Aroztegia proiektua eta ordezkatzen duen sistema ekonomikoa ere salatu dute. “Gure lurra eta komunitatea babesteagatik, jasandako errepresioa ezin dugu ulertu ez bada sistema kapitalista-ekozida honen baitan etekin ekonomiko mugagabeak lortzea helburu duelarik. Izan ere, argi dago, handik eta hemendik sos bila dabilela Palacio de Arozteguia S.L. enpresa, lehen proiektuarekin, eta orain Nafarroako eta Espainiako Gobernuari eskatu dizkieten 43 milioi euro indemnizazioarekin. Bi gobernu hauek kantitate hori ordaindu ezean, Aroztegiko auziperatuen gain eror daiteke diru multzo hori ordaintzearen ardura, eta lurra eta herri borondatea babesteagatik hau ordaintzea onartezina dela adierazi nahi dugu”.

Baztango herritar guztientzat etorkizun duina ere aldarrikatu dute. “Hemen bildu garen guztiok ozen aldarrikatzen dugu, natura, herriak eta bizitza duinak erdigunean dituen Baztan bat eraiki nahi dugula. Baztanek ez du Aroztegia bezalako proiekturik behar, Baztanek herritarrak erdigunean kokatuko dituen trantsizio ekosoziala behar du. Norabide horren kontra doan obra gelditu genuen, eta behar bada, berriro geldituko dugu”, ohartarazi dute.

Gazte Blokea 15.50etan elkartuko da Iruñeko Intsumisioaren Parkean.

Gehiago