Aroztegiaren aurkakoen kontrako epaiketa otsailean izanen da, talde kriminala osatzeaz akusaturik
Aroztegiko proiektu urbanistiko eta turistikoaren aurka mobilizatu ziren hainbat herritarren aurkako epaiketa otsailean abiatuko da, espetxe zigor eskariekin. Otsailaren 1ean, manifestazio nazionala deitu dute Iruñean.
2024-ko azaroak 27
228 familia bakarreko etxebizitzak, golf zelaia eta luxuzko hotel bat osatzen zuten Aroztegia proiektua “iruzurra egiteagatik zigortuak izan diren enpresarien eskutik”, oposizioren salaketaren arabera.
Auzitegiak obraren esleipena ilegala deklaratu bazuen ere, 2021ean obrak hasi zituzten, legezko baimenik gabe. “Inposizioaren aitzinean obrak gelditzea bertze aukerarik ez zen izan eta horregatik, Euskal Herriko herritarrei kanpaldia egitea eta makinen aitzinean gure gorputzak paratzea bertzerik ez zitzaigun gelditu. Beraien asmoa zangotrabatuz etxerat igorri genituen”, gogoratu dute.
Dozenaka herritarrek milaka euro isunetan ordaindu behar izan zuten, eta Baztango 7 herritarri 56.000 euro eta 20 urteko kartzela zigorra egin die fiskalak. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatzen dizkie.
Hasiera batean fiskala talde kriminalaren akusazioa bertan behera uzteko prest bazen ere, Palacio de Arozteguia S.L. akusazio honekin tematu dela salatu dute, eta ondorioz Aroztegiko auzia epaiketara joanen da.
“Gure ustetan, Palacio de Arozteguia S.L.-k, epaitegiak herri mugimendua talde kriminal izendatzea nahi du. Modu honetan, Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin irekita dituzten auzietan 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatu dute, herriaren oposizioaren aitzinean babes gabe utzi dituztela argudiatuz. Ematen du jokaldi honekin, diru publikotik sosketa hau eskuratu nahi dutela kontakizun horretan oinarrituz. Horrela, bere hasierako helburua lortzeko bidea ireki nahi du, hau da, herritarren kontura espekulazio eta gezurren bitartez aberasten segitzea. Laburbilduz, gure kartzelaratzearekin pelotazo urbanistikotik pelotazo judizialera jauzia egin nahi dute”.
Zigor eskaera hori testuinguru baten baitan ulertzen dute Baztango herritarrek, lurra eta landa eremuaren defentsaren kontrako testuinguruan. “Kapitalismo zisheteropatriarkalak ez du onartzen aitzinean paratzen zaion deus ez inor, eta indar poliziala eta judiziala baliatzen ditu erantzunari aitzin egiteko”.
Epaiketaren data proposamena otsailaren 3, 4, 5, 6 eta 7a da. “Epaiketara joanen gara orain arte bezala herritarren babesarekin”, azpimarratu dute, eta hori agerian uzteko Iruñean otsailaren 1ean manifestazio nazionala deitu dute.