Aroztegiako auzian akusazioak akordioa zapuztu du eta epaiketa astelehenean hasiko da

Palacio de Arosteguia enpresarekin izandako negoziaketan akordio bat erdietsi zutela adierazi dute auziperatuek talde kriminalaren eskaera bertan behera utziz, baina 43 milioi euroko kalte-ordaina lortzeko eskaerari eutsi dio eta honek akordioa zapuztu du.

2025-ko maiatzak 15

Gaur prentsaurreko bat egin behar zuten auziperatuek Aroztegiko auzian akordio baten berri emateko, baina azken momentuan bertan behera utzi dute akusazioak akordiorako bidea itxi duelako. Jakitera eman dutenez, azkeneko hilabeteetan eta bereziki azkeneko asteetan negoziaketak eta akordio proposamena landu dituzte, fiskaltzak hiru aldeen arteko akordioa egiteko proposamena egin eta gero.

“Akordio proposamen hori bertan behera gelditu zen Palacio de Arozteguia S.M-k gure kontra talde kriminal izendatzearen akusazioa mantendu nahi zuelako. Horren ondorioz, epaiketako bidea abiatu zen”, gogoratu dute akusatuek. Joan den astean, berriz, fiskaltzak akordio bat zegoela adierazi zien, baina egun batzuetera jakin dute enpresak ez duela onartu. “Akordioa lortzeko negoziazio horietan, bai fiskaltzak bai Palacio de Arozteguia S.M.-k, adierazi dute talde kriminalaren eskaera bertan behera uzteko prest daudela. Hala ere, inongo lotsarik gabe, marra gorri gisa izendatutakoa gainditu eta enpresak gure kontrako erantzukizun zibilaren eskaera zigorra irekia uztea erabaki du, hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako Gobernuengandik 43 milioi euroko kalte-ordaina lortzeko bide bakarra. Bide luze honetan, behin eta berriz gure bizitzekin jokatzen ari direla sentitzen dugu. Egoera horrelakoa izaki, bistan da ez gaudela prest biziarteko zigor ekonomikoaren arriskua onartzeko, are gutxiago egin ez dugun zerbaitengatik”, adierazi dute ohar bidez.

Beraz, epaiketa astelehenean hasiko da eta Aroztegiko Elkartasun Komiteak epaiketa asterako prestatu duen egitarauak aurrera eginen du.

Gehiago