Aralar mendia zeharkatuko duen gasbidearen aurkako manifestazioa deitu dute martxoaren 25ean
Aralar zaindu dezagun plataformak martxoaren 25ean manifestazioa eginen du Lekunberrin egin nahi duten gasbidea salatzeko.
2023-ko martxoak 13
Nedgia enpresak gasbide honek zeharkatuko lituzkeen lurren jabeei, kontzejuak barne, desjabetze espedienteak bidali zizkietenean hasi zen kexka herritarren artean. “Une hartan hasi ginen proiektuaren inguruko informazioa bildu eta amankomunean jartzen eta jabetu ginen erabat proiektu suntsitzailea zela”, adierazi dute plataformako kideek. “Nafar Gobernuari, Nasuvinsari, alternatiben inguruko txosten ezberdinak eskatzerakoan agerian geratu zen ez zutela beste alternatibarik lantzeko asmorik”, eta herri mobilizazioari ekiteko erabaki zuten orduan.
“Bi urte luze hauetan, herritarrak informatzea izan da plataformaren xedea”, eta ibilbide honetan Larraun eta Arakilgo udalek egin duten lana “oso lagungarria” izan dela aitortu dute. Teknikoki bideragarria den alternatiba bat proposatu dute eta bide judiziala jorratu dute, baina Espainiako Auzitegi Gorenak gasbideari ateak ireki dizkio. “Udalek egindako ibilbide administratibo eta judizialak, Auzitegi Gorenean amaiera izan duenez, Nedgia enpresak ateak zabalik dauzka edozein momentutan Aralar zeharkatuko lukeen gasbide suntsitzailea gauzatzeko”.
Horregatik, hemendik aurrera herri mobilizazioari lehentasuna eman nahi diote. “Orain da garaia herritarren indarrak batu eta proiektu inposatzaile hau geldiarazteko”, eta lehenengo urratsa martxoaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan Lekunberrin egingo den manifestazioa izango da.