Apirilak 28, Lan Segurtasun eta Osasun eskubidearen nazioarteko eguna
2015-ko apirilak 27
Beste urte batez, Apirilak 28ak, lan segurtasun eta osasun eskubidearen nazioarteko egunak, urtero gertatzen diren lan istripu kopuru izugarri haundiaz hausnartzera eraman behar gaitu. Hauek, ez dira halabeharrez edo sorte txarraren eraginez gertatzen, lan istripuak, ekoizpen sistemaren ondorio zuzenak dira. Produktibitatea eta etekinak, langileriaren osasuna eta bizitzaren gainetik jartzen dituen sistemarenak alegia. Empresarien etekin haundiagotze goseak eta lan osasun arloan, instituzioen eraginkortasun ezaren ondorio zuzenak dira. Hortaz, ezin dugu beste aldera begiratu, langileok, gure jarduna amaitzean, etxera osasuntsu eta salbu heldu gaitezkeela, ziurtatu ezin dugunean.
Datu ofizialak ikaragarriak dira. Osalanen aburuz, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, 2013.urtean zehar, 27.627 lan istripu gertatu ziren. Nafarroan aldiz, 20.318 izan zirelarik lanean jasandako istripuak. Perspektibaz aztertuz gero, 2007 eta 2014 urte bitartean, 619 langilek bizitza galdu zuten beraien lanpostuetan; esplotazioaren ondorio zuzena. Sistema kapitalista ez dago diseinatua alienaturik egunez egun beraien lan indarra saltzen dutenek pairatzen duten frustrazioa ulertzeko, ezta, norbaitek lanean bizitza galtzen duenean, familia zein lagunen saminaz empatizatzeko ere.
Prekarietatearen eta esplotazio basatiaren ondorio nabarmenenak, beraien lanpostuetan hildako langileak dira. Baina ezin ahaztu, beraien arduradunek aski ezagutzen dituzten minbizi sortzaile diren produktuen eraginez geldiro erahildako langileak, zein amiantoak eragindako hilketa kopuruaren haundiagotzea. Are gutxiago, denbora gehiagoz izkutatu ezingo dituztenez ezagutuko ditugun gaixotasun berriak. Gaixotasun profesionalek geldoago intoxikatu eta suntsitzen zaituzte, oharkabean pasatzea errazten dutelarik. Baina hauek ere dagokien lekuan kokatzekotan, lan ezbeharren barnean kokatu beharko genituzke. Gaixotasun profesionalen egungo katalogoa guztiz desfasatua dago. Ez ditu, teknologia berriek (erradiakzioak, e.a) eta osagai kimiko berriek, osasunean duten eragina jasotzen. Bestalde, baremazioa gizonezkoen organismo tipoan oinarritzen da, ez dago genero katalogaziorik, jakinik, produktu toxiko baten espozizioak eragin ezberdinak izan ditzakeela gizon eta emakumeen artean. Araba,Gipuzkoa Bizkaia eta Nafarroa Garaian, 3.700 baja bideratu ziren gaixotasun profesionaltzat hartuta, gaixotasun profesionalaren eraginez hildako jendearen kopuruaren zenbatekoa ezezaguna den bitartean. Duela gutxi, Lan osasun eta segurtasunaren Europar agentziak, lan istripuz hildako bakoitzeko, 28, gaixotasun profesionalen eraginez hiltzen zirela baieztatzen zuen.
Egungo legediak, enpresei aukera ematen die, lan istripuei dagokien asegurua, gizarte segurantzaren bitartez edo mutuekin kontratatzea. Azken hauek, enpresek beraiek sortutako irabazi-asmorik gabeko entitateak dira. Gastuak gutxitzeko helburuarekin, tratamenduen eta bajen luzapena zein kalte ordainen kopurua txikituz. Instituzio publikoak ez dira prozedura hauetatik kanpo geratzen. Eusko jaurlaritzak ere, segurantza sozialarekin ezezik, mutuekin ere egina du hitzarmen hau. Elkartzenetik, lan administrazioaren hipokresia salatu nahi dugu, bera baita lan osasunaren erantzule. Marketin kanpaina ederrak egiten dituen bitartean, mutuen jokuan sartzen da, langile klasearen bizitza eta osasuna esku pribatuetan utziz. Mutuentzako errentagarriagoa da langile baten heriotzagatik ordaindu beharreko kalte-ordaina, segurtasun neurri eraginkorrak jarri baino. Ezkutatu egiten dute erabilarazi egiten dituzten produktu ezberdinek duten minbizia eragiteko gaitasuna; langileon osasuna, etengabe jario, erradiakzio, kutsadura akustiko e.a. luzearen eraginpean jartzen dituzte luzera begirako kalteak neurtu gabe, ondorioz, gaixotasun profesional gisa aitortu beharrean, minbizi arrunt bezala edota arnas arazo kroniko bezala izendatuz. Inoiz, inon, aitortuko ez diren beste hainbeste gaitzekin batera. Azken finean, irabaziak hemen eta orain da interesatzen dena, eta hor, langileak, merkantzia hutsa gara. Sistema ekonomikoak, administrazioaren laguntzaz, ahalik eta merke eta eskuragarrien nahi gaitu.
Prekarietatea, menderatze modu orokortua bilakatu du goi klaseak. Helburua argia da, etekinak metatu, gure osasuna jokoan jarrita bada ere. Gaixotasun profesional berriak sortu dira: estresa, antsietatea eta menpekotasunen eraginez sortutakoak asko. Antolakuntza eta zuzendaritza diseinu berriek lehiakortasuna eta langileen arteko harreman indibidualistak sustatzen bait dituzte, ERE eta kaleratzeak, arazo kolektiboak izanik, norberaren arazotzat bizitzea sustatzen duten bezala.
Baina lan esparruan ematen den prekarietateaz haratago, prekarizazio sozialaz hitz egin behar dugu. Lanari lotutako faktoreei, beste prekarizazio faktore batzuk lotzen zaizkio eta; hain zuzen ere, pribatizazio eta babes sozialaren desagertzearekin lotuak daudenak. LGS eta bestelako prestazio guztiak, pobreziaren mugaren azpitik kokatzen diren bitartean, norbanakoan kokatzen ari dira beharrizan sozialak bermatzearen ardura. Azken hauek asetzea, bakoitzaren gaitasun ekonomikoen esku utziz. Honela, pentsio plan pribatuak aseguru mediku pribatuak etab. bultzatuz, reaage erritmoan dantzatu izan dugun erdarazko esaldi hau gero eta eguneratuago bilaktuz: “me matan si no trabajo y si trabajo me matan”.
Elkartzenetik, pausu eraginkorrak ematerik badagoela uste dugu; lan istripu eta gaixotasun profesionalekin bukatzeko, edo gutxienez gutxitzeko. Lanpostuetan, duintasun elementuak sartzeko aukerak daudela uste dugun bezala. Erantzule gisa, Instituzio eta patronala interpelatzen ditugu, exijituz, osasun laboralari dagozkion legeak bete eta betearaz ditzan; Ez dezatela utzi, mutuek gure osasuna kontrola dezaten, ezta mutuarik kontratatu ere. Osasuna artatzea, osasun zerbitzu publikotik bideratzea; kontratu prekarioekin bukatu, eta ETT bidezko kontrataziorik ez egitea; soldata bidezko diskriminazioekin bukatu, ordu extrak eta lanaldi amaigabeekin bezala; azken finean, laneko osasun eskubidea bermatzea exijitzen dugu! Aldiz, mezu argi bat helarazi nahi dizuegu: Gure osasuna bermatuko duten lan baldintza duinak lortuko baditugu, hauek soilik eguneroko borrokaren bitartez lortuko ditugu. Argi dugu, borondatez, inork ez digula ezer oparituko. Beraz, bakoitzak bere esparrutik, empresa, irakas zentruetatik, kale zein gure etxeetatik, dagokiguna exijitu behar dugu. Posible da, eta lortuko dugu!
BORROKATU ESKUBIDE SOZIALEN ALDE! PREKARIETATEARI AURRE EGIN!
JENDARTEA ERALDATU!