Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak euskara kontuan hartuko du bere plantilla organikoa osatzeko
Administrazioan Euskaraz Taldeak Nafarroako Arartekoaren bulegoan jarritako kexa bat aztertu eta gero, Arartekoaren ebazpena kontutan hartuko du Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eta hurrengo lan deialdietan euskara merezimendu gisa puntuatzea aztertuko duela iragarri du. Erabaki hau txalotu du Administrazioan Euskaraz Taldeak hurrengo komunikatuan.
2022-ko apirilak 19
Antzin eta Ameskoabarrena 2017tik daude eremu mistoan.
Antzin-Ameskoako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 11 lanpostu ditu, eta plantilla organikoan ez zuen euskara ezertarako kontuan hartu. Horrexegatik, kexa jarri genuen Nafarroako Arartekoaren bulegoan.
Nafarroako Arartekoari helarazitako txostenean, Mankomunitateak honako asmo hauek adierazi ditu:
– Aztertuko duela euskara merezimendu gisa puntuatzea hurrengo lan deialdietan.
– Aztertuko duela zenbait lanpostutan bi hizkuntzak jakin beharra, eta gero ordezkari sindikalekin negoziatuko duela.
Hala, Nafarroako Arartekoak espedientea itxi du, afera konponbidean dagoelakoan.
Ikusteko dago ea azterketa eta negoziazio horiek baliagarriak ote diren euskara kontuan hartzeko. Hala ere, euskararenganako nolabaiteko konpromisoa adierazten du Mankomunitateak txosten horretan.
Espero dezagun aurrerantzean euskara kontuan hartzea plantilla organikoan eta hurrengo lan deialdietan, euskaldunon hizkuntza eskubideak bete ditzan.