Antolatzeko eta borrokatzeko forma berriak mahaigaineratzeko eragile berria sortuko dute ikasleek
"Kargatzen" izeneko prozesu eratzailea aurkeztu dute Donostian. Euskal Herrian egungo hezkuntza sistema zalantzan jarri eta sistema propio baten aldeko borrokan jarraitzeko, ezinbestekotzat jo dute ikasle subjektu berri bat sortzea.
2020-ko urtarrilak 18
Bueltan gatoz berriz ere, oraingoan mezu argi batekin: Ikasleon borroka martxan da. Pausoz pauso, urrian egin genuen agerralditik hona, bidea egiten hasiak gara eta gaur, bide horretan mugarri bilakatuko den pauso baten berri ematera gatoz: antolatzeko eta borrokatzeko modu berri bat ekarriko duen eragile bat sortzera goaz.
Urriko egun hartan eman ginen ezagutzera, bai, baina ez gara ezerezetik jaio den ikasle mugimendu bat; sorbaldan hamaika esperientzia eta borroka daramatzagu, eta gure helburuak bururaino eramateko prest gara. Ez gara ezerezetik jaio. Hilabete luzez, gure herriko ikastetxe zein kaleetan borrokan daramagun ikasle konprometituak gara eta, azaroan egindako ikasle greba nazionala, horren adibide paregabea da.
Ikasturte hasierarekin batera Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako ikasleak biltzeari ekin genion. Behin, birritan, hirutan; gaur egungo hezkuntza sistema zalantzan jarri eta berri baten aldeko bidea batera eraikitzeko batu gara, 150 ikasletik gorako asanbladak egitera helduz. Bakoitza bere tokiko errealitatetik abiatuta, baina guztiak asmo berdinarekin: ikasle borrokaren eroaleak bilakatzea.
Ez gara hutsetik abiatzen beraz, baina, bai, hutsune batetik. Baina bateriarik gabe geratu den ikasle mugimendu bati pilak kargatzeko etorri gara. Edozein bidetan bezala ordea, gurean ere badira oztopoak. Eraldaketa ipar duen ibilbide oro korapilatsua baita. Amesten dugun hezkuntza sistema askatzailearen aldeko borrokan badugu zer ikasi eta berrasmatu. Horregatik, Gasteizen burututako azken asanblada nazionalean, ondorio argi batera heldu ginen: tresna berriak sortzeko unea da denok batera aurrera egin ahal izateko.
Hari horretatik tiraka, gure jardunean fase berri bat irekitzea erabaki dugu: eratze fasea. Orain arte, batera borrokatu gara, ideiak eta helburuak elkarbanatu ditugu, eta etorkizuneko proiektuak marraztu ditugu. Parte hartzea eta horizontaltasuna izan dira momentu oro gure armarik onenak, eta horiei eutsiz, aurrera pauso bat emateko unea dela ondorioztatu dugu. Argi dugu Euskal Herriak hezkuntza sistema propio eta askatzaile baten beharra duela. Baina helburu hori lortzeko eta gure borrokak dituen premiak asetzeko, gure borroka artikulatuko eta berau eraginkor bilakatuko duen eragile baten beharrean gaude. Horregatik erabaki dugu antolakuntza forma berri horri hasiera emango dion fase berri bat irekitzea.
Fase berri honen helburua guztion artean ikasle subjektu berri bat eraikitzea izango da. Betiere, borrokan aurrera egiteko ezinbestean behar dugun tresna bezala ulertuta. Orain arte egin bezala, subjektu hori elkarlanean eraikiko dugu, ahalik eta ikasle gehien inplikatuko dituen Kargatzen prozesua abiatuz. Horretarako, hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren hausnarketak eman, eztabaidatu eta gure buruen formakuntzan sakonduko dugu.
Hala, eratze prozesua, ikastetxez ikastetxe zabalduko dugun prozesu dinamiko eta eraikitzailea izango da. Osatu dugun liburuxka honen bidez, tokian toki landuko duguna. Eratze prozesuko liburuxka honen helburua, parte hartzea sustatu, eztabaidak proposatu eta subjektu berri honen zutabeak altxatzea izango da. Era horretan, ahalik eta ikasle gehienen ekarpenak jasoz, gure hezkuntza ereduaren alde borrokatuko den ikasle eragile berria eratuko dugu.
Horretarako, hiru atal nagusi izango ditu fase berri honek. Lehenik eta behin, ikasle mugimenduaren bilakaera eta egoera politikoaren hausnarketa eginez, heldu beharreko eztabaidetarako beharrezko testuingurua argituko dugu. Ondoren, ikasle subjektu berriak jarraitu beharreko estrategiari lehen zertzeladak emateko apustua egingo dugu: nolakoa da amesten dugun hezkuntza sistema? Zein ezaugarri izango ditu? Nolakoa izango izango da ikasleok, gure eremutik, hezkuntza sistema propioaren aldeko borrokari egingo diogun ekarpena?
Eta azkenik, subjektu berri horren nolakotasuna erabaki eta hezkuntza eredu propio eta askatzaile baten alde egin beharreko bidea diseinatuko dugu: oinarri ideologikoak adostu eta borrokarako antolakuntza eredu berritzaile oso bat marraztuko dugu denok batera, etorkizuneko Euskal Herriko gure hezkuntza proiektu propioa irabaztera eramango gaituena eta borroka esparru eta molde berrien jaiotza ahalbidetuko duena.
Ez da makala aurretik egiteko dugun lana. Baina erosotasuna bilatzea ez da inoiz izan gure helburua. Kritikotasuna ardatz, ikasle mugimendua berpizteko garaia heldu dela deritzogu. Hezkuntza eredu berri eta askatzaile bat eratuko duten kimuak gara eta dei egiten diogu ikasle orori martxan jarriko dugun prozesu berri honetan parte hartzeko. Guztion ekarpena beharrezkoa da, benetan ikasleok ditugun beharrizanei erantzungo dien subjektu berritzaile eta parte hartzaile bat osatu ahal izateko. Guztion ekarpena beharrezkoa da amesten dugun etorkizuna garaipen bilakatzeko
Guk argi dugu: itzalita dagoen ikasle mugimendua kargatzen jarriko dugu. Ikasle borrokaren eroaleak gara! Gora ikasleon borroka!