Anaitasuna Peñako bazkide talde bat ez dago ados Armonia Txantreanari egindako kritikarekin

Anaitasuna elkarte eta Peñaren bazkide talde batek S.C.D.R. Anaitasunak Armonia Txantreana peñaren pankartaren aurkako oharra ez dela peñakideekin adostua izan salatu dute, eta Anaitasuna Peñaren estatutoek gai politikoetan ez sartzeko eskatzen dutela adierazten dela gogoratzen dute, eta barne araudi hau errespetatzeko eskatzen dute.

2020-ko uztailak 3

Armonia Txantreana peñaren pankartaren aferaren inguruan S.C.D.R. Anaitasunak ateratako mezuaren aurrean honako hau adierazi nahiko genioke ondoko bazkideok:

Beti adierazi izan da Anaitasuna elkartea ez zela esparru politikoan sartuko eta bide hori jarraitu du urtetan zehar izan diren hainbat aldarrikapenetan, alde bateko edo bestelako jarrera erakutsi gabe, bazkideon aniztasuna errespetatuz. Urtetan zehar, bazkideek aldarrikatzeko aurkeztutako proposamenak atzera bota egin dira, holako eztabaidetan eta aldarrikapenetan Elkarteak ez zuela egon behar argudiatuz . Estatutoen 4. artikuluan oinarrituz: “Elkartea politika nahiz erlijio mailako edozein ideologiatatik kanpo dago eta, bazkideen ideiekiko begirunea gordez, …”. Peñan ere horrela egin izan da, Barne Estatutoak errespetatuz eta sor zitezkeen aldarrikapenetan bazkideek, era pertsonalean euren jarrera adieraziz.

Oraingo honetan, atzo 2020aren uztailak 1ean, bazkidoi inongo kontsulta egin gabe argi eta garbi alde baterako aldarrikapena egin du S.C.D.R. Anaitasunak, Peña bera inplikatuz, beste elkarte batek hartutako erabaki bat salatzean.
Horren aurrean, hurrengoa adierazi nahi dugu: ez gaude inondik inora ados hartutako erabakiarekin eta Anaitasuna Peñako batzordeari batzar ez ohikoa deitzea proposatu nahiko genioke, gaiaz eztabaidatzeko eta erantzun bateratu bat adosteko, beti ere Elkartearen estatutoak, Peñaren Barne Araudia eta bazkideon aniztasuna errespetatuz.

Gehiago