Amazonek bere kanpaina komertzial batean Nafarroako ikastolen izena baimenik gabe erabili duela salatu du Ikastolen Elkarteak

Erabilera hori asteotan Amazon multinazionala egiten ari den "un clic para el cole" kanpainaren testuinguruan egiten ari dela dio elkarteak. Kanpainak bezeroei aukera ematen die erosketen balioaren %2,5a nahi duten ikastetxera bideratzeko. Bezeroek kreditu hori zein ikastetxeri eman aukera dezakete, beti ere ikastetxea kanpainara atxiki bada.

2020-ko azaroak 21

Ikastolen Elkarteak agiriz zabaldu duenez, “gure harridurarako Amazonek argitaratutako ikastetxeen zerrendan Hego Euskal Herriko Ikastola gehienak azaltzen direla ikusi dugu. Zerrenda Amazonek berak osatu du, auskalo zein datu basetatik ateratako informaziotik. Baina horrek ez du esan nahi ikastetxe eta ikastola horiek kanpainari atxiki zaienik, ikastetxeak eman behar baitu horretarako baimena. Ikastetxeak ez badu zerrenda horretan azaldu nahi, berriz, Amazonekin harremanetan jarri behar du hortik ezaba dezan”.

Elkartea, halaber, banaketa eta salmenta konpainia salatzea aztertzen ari da eta Amazoni exijitu dio ikastola guztien izenak kanpainatik kentzeko. Elkartearen ustez, “ez da bidezkoa helburu komertzial hutsa duten dohaintza horiek Ikastolek jasotzea. Kanpainak, plataforma horretan erosketak sustatzeko helburua izanik, gure herrietako komertzioei zuzenean eragiten dielako eta, ondorioz, baita herri eta auzoetako bizimoduari ere. Horrelako kanpainak zein plataformak Ikastolen izaeraren aurkako mehatxu direlako. Ikastolok herrigintza dugulako helburu eta herri zein auzoetako eragileekin lanean jardutea eta elkar zaintzea bultzatzen dugulako. Gure komunitatea osatzen duten ikasle, familia eta langileentzat gertuko erreferenteak behar ditugulako: helburu komunitarioa bultzatuko duten ekimenak, euskaraz bizitzeko aukerak emango dizkigutenak, interkooperazioa bultzatzen dutenak… Eta Amazonek eta antzeko plataformek kontrako norabidean garamatzatelako”.

Adiministrarioei ere, halako kanpainen aurrean neurriak hartzea eskatu die elkarteak, “hasteko, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu Amazoni exijitu diezaiotela datu horiek erabiltzeari utz diezaion”.

Oharrean, azken hausnarketa bat ere egiten da komunitateaz eta burujabetza teknologioaz: “Hausnartu beharko dugu teknologiarekin izan nahi dugun harremanak nolakoa eta zertarako behar duen, burujabetza teknologikoaren bidean urratsak egin ahal izateko”.

Gehiago