Amaia Izko: “Altsasuko istilua ezin dela terrorismotzat jo frogatuko dugu epaiketan”
Urtebete joan da Altsasun parranda giroan istiluak izan zirenetik. Oraindik ez dute epaiketa datarik baina, laster etorri daitekeela esan du Izkok, Altsasuko gazte batzuen defentsa abokatuak, Euskalerria Irratiko mikrofonoetan. Hamaika gazte daude auzi honetan epaiketaren zain eta hiruk espetxean segitzen dute.
2017-ko urriak 13
Asteburuan izanen dira feriak Altsasun eta hain zuzen duela urtebeteko ferietan izan zen liskarra. Goizaldeko bostak inguruan, parranda giroan, gazte batzuen eta bi Guardia Zibilen eta euren bikotekideen artean sortu zen istilua. Terrorismo delituak egotzi nahi dizkie fiskaltzak gazte horiei.
Gertatutako hark buelta asko eman ditu, eta larriena, Altsasuko hamaika gazterentzat 575 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituela fiskaltzak. Eta are larriagoa, ia urtebete daramatela preso gazte horietatik hiruk. “Altsasuko istilua ezin dela terrorismotzat jo frogatuko dugu epaiketan”, esan du Euskalerria Irratian Amaia Izko abokatuak.
Asteburu honetan, mobilizazioak Altsasun
Asteburu honetan hainbat ekimen antolatu dituzte Altsasun. Gaur, 19etan kontzentrazioa eginen dute eta ondoren mikro irekia utziko dute nahi duenak hitz egin ahal izateko. Bukatzeko, argazki bat eginen dute. Asteburu osoan zehar postalak eta gutunak idazteko aukera izanen da, eta erakusketa bat jarriko da, urte bete honetan gertatu den guztia gogoratzeko.