Altzugurenen heriotzaren 10. urtemuga gogoratzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte Beran

Ortziral honetan arratsaldean mahai-ingurua, larunbat eguerdian ekitaldia eta herri bazkaria eta igande goizean mendi irteera izanen dira.

2015-ko urriak 28

Jose Angel Altzuguren "Kotto" zenaren heriotzaren 10. urteurrena bete behar dela eta, Kotto gogoan herri ekimenak ekitaldi desberdinak prestatu ditu, ‘Egiaren bidean, askatasuna amets. Kotto gogoan’ goiburupean. Irailean Saratik abiatu eta Bortziriak zeharkatu zituen dispertsioaren kontrako eskualdeko mendi martxa burutu zen. Hala ere urteurrenaren inguruko ekimen nagusiak urria eta azaroa lotzen dituen asteburu honetan eginen dira.

Urriaren 30ean, ortziralean 20:30ean ‘Espetxealdiko esperientziak’ mahai-ingurua eginen dute Beralandetan, preso-ohien eskutik. Urriaren 31n, larunbatean 12:00etan ekitaldia eginen dute Kultur Etxean eta ondotik, kalejira, txarangak alaitua. 14:30ean bazkaria eginen dute Zubiondon. Bazkarirako txartelak Errekalde, Kataku eta Botxon, Lesakako Arranon, Sarako Herriko Etxeko edantegian eta Arantzako Pablo-enean izanen dira (helduentzako 20 eurotan eta haurrentzat 10 eurotan).

Azaroaren 1ean, igande goizeko 10:30ean Altzateko plazatik abiatu eta mendi irteera eginen da Otsandara.

 

Parte hartzeko gonbidapena

Egitarau zabal honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzeko agerraldia egin zuten larunbat eguerdian hainbat beratarrek. «Gure herrian gertatutakoez, memoria kritikoa bizirik mantentzea arrunt garrantzitsua da, etorkizun bidezko bat eraiki nahi badugu. Bortziritar zein gainerako euskal herritar guziak ere gonbidatzen ditugu, modu berean», aipatu zuten.

Kotto Gogoan herri ekimeneko kideek gogorarazi zutenez, «hamar urte bete dira gure lagun Jose Angel Altzuguren “Kotto”, Estatu espainiarrak euskal preso politikoei modu bidegabean ezarritako dispertsio politikaren menpe hil zitzaigunetik». Hamar urtek aunitzerako ematen dute eta herri honen historiari erreparatuz gero, «nahi eta nahi ez aipatu beharko genuke azken urteotan ireki den agertoki politiko berria. Urte luzetan herri honetan sufritu dugun gatazka konpontzeko baldintzak inoiz baino hobeak diren honetan, dispertsio politikak ez du inolako zentzurik, giza eskubideak urratzen ditu eta sufrimendu aunitz sortzen du jende aunitzengan». Herri Ekimenaren ustez, «bada garaia, bertze indarkeria batzuk akautu diren bezalaxe, Estatuaren sakabanaketa politika zitala ere desagertu dadin. Gatazkan parte-hartze aktiboa izan duten bertze eragile batzuk ausardiaz jokatu duten bezalaxe, bada garaia Estatuek ere beren gerra estrategia alde batera utzi eta gatazkaren ondorioak konpontzeko urratsak eman ditzaten».

Modu berean, egunero ikusten dute komunikabidetan zer nolako garrantzia hartu duen “errelatoaren borroka” deritzonak. «Argi eta garbi adierazi nahi dugu, –dio Kotto gogoan Herri Ekimenak–, ez dela posible herri honentzako elkarbizitza eskenatoki berri bat eraikitzea Estatuaren biolentziak eragindako biktima guziak aintzat hartzen ez badira». 

Aipatzekoa da joan den astean Berako Udalak ere mozioa onartu zuela.

Gehiago