Altsasun mobilizazio eta ekimen ezberdinak deitu dituzte “EdurnerekinBat” dinamikaren baitan
Edurne Martinez Altsasuko gaztea otsailaren 25an epaituko dute Donostiako Aske Gunean parte hartzeagatik. 15 hilabeteko kartzela zigorra eta isun ekonomiko baten eskaerei aurre egin beharko die gazte honek.
2015-ko otsailak 6
Altsasun hainbat herritar elkartu dira “Edurnerekin bat” herri dinamika martxan jarri eta Martinez zein beste hainbat gazteren "bidegabekeria" azaldu eta otsailaren 25eko epaiketa salatzeko. Horretarako herriko eragile ezberdinak, kultura talde zein norbanakoak bildu eta hainbat ekimen prestatu dituzte. Datorren otsailaren 13an Edurnerekiko elkartasun ekitaldia ospatuko da Altsasuko Iortia kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan. Bertan dantzariak, antzerkia, musika, bideoak… ikusi ahal izango dira. 21ean, ihauteriekin batera, eguerdiko 13:00etan herriko plazan argazki erraldoi bat aterako da, eta ondoren bazkaria egongo da Gaztetxean. Bukatzeko, otsailaren 25ean goizean, epaiketara joateko deialdia egin dute. Egunari amaiera emateko 19:00etan elkarretaratzea egingo da Altsasuko Udaletxe aurrean, epaiketa salatu eta bertan gertatutakoa azaltzeko.
Ekimen horiek guztiak Iortia Kultur Gunean egindako agerraldian plazaratu zituzten, Edurne Martinezi elkartasuna eta babesa eskeiniz. Gazte honek duel bi urte Donostiako Herri harresian euren militantzia politikoagatik espetxeratuak izango ziren gazteei elkartasuna adierazteagatik atxilotu zutela gogoratu zuen. Egun hartan, auziperatuak eramateaz gain, beste bi atxiloketa ere egon ziren. Hauek "muntai polizial eta mendeku politikaren ondorio garbia" izan zirela salatu zuten, "euskal gazteriaren kriminalizazioa" helburuarekin.
Fran Baldaren askatasuna galdegin zuten
Ehunka arbizuarrek eta sakandarrek Fran Baldaren askatasuna eta konponbideari erasorik ez egiteko aldarrikatu zuten Arbizun pasa den igandean. Euskal Herriko, Kataluniako eta estatuko prozesuak geldiarazteko “estatuko indarrik erreakzionarioenak ahalegin izugarria egiten” ari direla adierazi zuten akaberan. Saio hori “estatu autokolpetzat” jo zuten, “oinarrizko eta funtsezko askatasun guztiak bortxatzea eta salbuespen hutsean oinarritzen dena”.
Estatuko indar horiek “alarma” egoeran egonda arrazoi politiko, lurraldekoak eta ekonomikoak oinarri demokratikoekin erantzun beharrean errepresioarekin erantzutea erabaki dute n-garren aldiz, jakinda bide horretatik dituzten arazoak ez dituztela konponduko”. Testu inguru horretan kokatu dute ilbeltzaren 12ko sarekada eta beste hainbat gertaera. Estatuak ez duela egoera normalizatu bat nahi azpimarratu zen manifestazio akaberan: "eztabaida politiko-demokratikoan ez daude eroso, ez ezer baitute Euskal Herriari eskaintzeko”.
Baldak espetxetik esandakoak errepikatu zituzten: Ezker Abertzalea aurrera eramaten ari den ildoa eta estrategia indartu beharra dago, beste inork ez baitu alternatibarik eskaintzen, ez gatazkaren ondorioak konpontzeko, ez gatazka bera eragin duena, erabakitzeko eskubidea eta herri honen aitortza lortzeko”.
Presoak eta iheslariak etxeratzea lehentasuna dela eta “indar guztia egiten” segitzeko deia luzatu zen Arbizun. Sare eragilea indartzeko deia egin zen. Bestalde, “independentziara eramanen gaituen bidea egiteko erabaki txiki-handiak hartzen segitzeko” beharra azpimarratu zuten, “aldebakartasunez, zain egon gabe”. Euskal Bidea aldarrikatu zuten.