Altsasun larunbatean ospatuko duten Ospa Eguna debekatzea eskatu dute

Dignidad y Justiciak eskatu du egunaren debekua, elkartearen ustez “iraingarria eta laidogarria” baita. Edozein indar militar, polizial zein errepresio oro salatzea izango du helburu egunak.

2016-ko abuztuak 25

Altsasun larunbatean ospatuko duten Ospa Eguna debekatzea eskatu du Dignidad y Justicia elkarteak. Aurreko urteetan egindako ekintzak Guardia Zibilaren aurka “iraingarriak eta laidogarriak” baitira elkartearen ustez. Elkarteak ikerketa bat abiatzeko eskatu dio Ministeritza Publikoari.

Horren aurrean Altsasuko herritarrek azken hiru hilabeteetan 128 kontrol polizial pairatu behar izan dituzte. “Ospa Egunaren porrota” bilatzen aritu direla salatu du Altsasuko Ospa mugimenduak. 2011.urtean, esaterako, bi pertsona Audientzia Nazionalera deklaratzera deitu zituzten Ospa Egunean antzeztutako parodia baten harira. 2013.urtean aldiz, Guardia Zibilak helikoptero eta guzti herria okupatu zuela salatu dute, eguna debekatuz. Urte honetan bertan gazte bat atxilotu dute eta duela gutxi izan du epaiketa.

 Ageriko errepresioaz gain, Mozal Legearen bitartez isunetan 6.010€ jaso direla nabarmendu dute. Egoera horrekin amaitzeko, herritar guztien borroka eta antolakuntza ezinbestekotzat jo dituzte. Horretarako, abuztuaren 27an antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Gehiago