“Altsasun gertatu dena Sakana, Nafarroa edo Euskal Herriko beste edozein lekutan gerta daiteke”
Azken asteetako gertakarien harira eta Altsasuko gazteen espetxeraketak salatzeko asmoz, Sakanako gazte mugimenduak agerraldia eskeini du babesa eta elkartasuna adierazteko gazte hauei eta euren senide eta lagunei. Larunbatean Altsasun eginen den mobilizazioan parte hartzeko gonbitea luzatu diote Euskal Herriko gazte orori.
2016-ko azaroak 22
“Badakigu herri honetan zer suposatzen duen gaztea izateak, zenbaezinak dira gazteok jasan behar izan ditugun erasoak, atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak, gure izaera errebeldea dela eta. Gazteok izan gara estatuaren makinariaren jopuntu nagusia. Gazteriaren kriminalizazioa gogor salatzen dugu. Eraso honen aurrean, argi utzi nahi dugu ez gaituztela isilduko eta ez gaituztela geldituko”, adierazi dute Altsasun egindako prentsaurrekoan.
Komunikabideek jokatu duten paper “negargarria”eta Altsasu herria kriminalizatu dutela salatu ostean, auzia epaile naturalak epaitzeko eskubidea eskatu dute “Entzutegi nazionalean bere eskubideak bermatuko ez direlako”. “Badakigu Espainiar entzutegi nazionalak nola jokatzen duen Euskaldun gazteekin, zigor neurrigabeak jarriz eta gainontzeko gazteriari beldurra sartu nahian”, adierazi dute.
Espetxeratuak lehen bait lehen askatzea exijitu dute eta edozein laguntza eta babes emateko prest daudela azpimarratu dute.
Bukatzeko, larunbat honetan Altsasun izanen den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute Euskal Herriko gazte orori. “Altsasun gertatu dena Sakana, Nafarroa edo Euskal Herriko beste edozein lekutan gertatu zitekeelako”, esan dute.
Ernai eta Ikasle Abertzaleak mobilizatzeko deia zabaldu dute
Ernai gazte antolakundeak eta Ikasle Abertzaleek larunbatean Altsasura joateko deia egin diote euskal gazteriari. “Zirko mediatikoa” salatu eta atxilotuak askatzeko exijitu dute. Gaur heziguneetan elkartasunezko ekimenak izanen dira.