Altsasukoak, 1300 egun kartzelan: injustiziak dirau

Gaur, ekainak 5, Adurrek, Jokinek eta Oihanek 1300 egun beteko dituzte preso. Hiru urte eta erdi baino gehiago askatasuna kendu zietenetik; hainbat kartzelatik (horietako batzuk etxetik 500km-tara) pasa dira eta oraindik ez dute inolako baimenik lortu. Halabeharrez, gaur ere bi urte dira Jonan, Julen, Iñaki eta Aratz bigarren aldiz atxilotu zituztela.

2020-ko ekainak 5

Pasa den urrian Auzitegi Gorenaren sententzia Altsasuko gazteen aurkako zigorrak berretsi zituenetik, gazteen guraso eta abokatuen helburua euren semeen eta bezeroen zigorra “ahalik eta baldintza humanoenetan bete dezaten” saiatzen ari dira, baita espetxe-erregimenaren progresioa azkartu dadin ahalegintzen ere.

Teknikoki, Jokinek, Oihanek eta Adurrek hirugarren gradua eta horri dagozkion baimenak lor litzakete aurki. “Horrek azken hiru urte eta erdietan eragindako sufrimendua arinduko luke hein batean, baina ez luke haien eta gure gainerako semeen aurka egindako aberrazio juridikoa konponduko”, dio Altsasu Gurasoak oharrean.

Jonanek eta Julenek, bestalde, bigarren graduan jarraitzen dute eta oraingoz ez da haien egoeran aldaketarik aurreikusten.

Aratzi eta Iñakiri dagokionez, pasa den abenduaz geroztik hirugarren graduan daude. Egun, zigorra kontrol telematikoaz betetzen ari dira eta ordu jakinetan etxean egon beharra daukate. “Gaur egungo testuingua ikusita, borondate pixka batekin, bide hau gure beste semeei zabaltzea posible litzatekeela uste dugu. Ez litzateke kondena bukatuko, baina, beraien bizimodua berreskuratzeko aukera izango lukete”, esaten dute.

Covid 19ak kartzelan izandako eragina ikusita, kexu azaldu dira Altsasu Gurasoak, eta gogoratu dutenez, #SOSpresoakCOVID19 kanpainaren partaideak izan dira. “Hain toki zaurgarria den horretan, ziurgabetasuna, beldurra eta sufrimendua eragin dizkie preso guztiei zein haien lagun eta familiei: isolamendua handitu egin da, komunikazioak eten, baimenak izoztu, preso gaixoak eta edadetuak egoera penagarrian daude…”

Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioak bertan behera utzi behar izan zituzten, baina gaur kalera bueltatuko dira, ohi den bezala, 20:00etan Altsasuko udaletxe aurrean.

“Egunak aurrera doaz eta orain dela urte bat aberrazioa zena, gaur are aberrazio handiagoa da. Hori dela eta, gaur justizia aldarrikatzen eta gure semeen askatasuna eskatzen jarraitzeko arrazoi gehiago dago”, azpimarratu dute.

Gehiago