Altsasuko Udalari herri mugimenduaren aurkako jarrera alboratzea eskatu diote
Burokrazia, tasak, fiantzak... Udalarengandik trabak besterik ez dituzte somatzen altsasuarrek. Oraingoan, txosna gunea plazatik mugitu nahi dutela salatu dute.
2019-ko urriak 8
Atzo bildu ziren Altsasuko herri mugimenduko hainbat kide Foruen Plazan. Agerraldi baten bitartez, herri mugimendua udalarengandik jasaten ari den jarrera oztopatzailea salatu zuten. Azken gertakari batek leherarazi du polemika: Udalak txosna gunea jartzen den plazan haurrentzako parke bat eraikitzea onartu du. Prentsaurrekoan azaldu zutenaren arabera, hainbat gurasok aurretik herriko beste parke bat estaltzeko proposamena aurkeztu zuten, baina udalak baztertu egin zuen.
Jaietan herri mugimenduak txosna gunea jartzen duen plazan haurrentzako parke bat eraikitzea onartu du Geroa Bai-k. Azaldu zutenez, proposamena udal gobernuko alderdiko zinegotzi ohi batek egin du. Erabakiaren atzean bestelako motibazioak daudela salatu dute herri mugimenduko kideek: “Geroa Bai-k herri mugimendua plazatik bota nahi du, jaiaren erdigunetik banandu herriko beste punta batean zokoratuta uzteko”. Proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten agerraldira bertaratutakoek, herrian “zaindu gabeko” beste parke batzuk daudela argudiatuta.
Tasak eta burokrazia
Kanpaidorre azpiko parkea aspalditik dagoen arazoaren parte da. Herri mugimenduak adierazitako moduan, udal gobernu aldaketa eman zenetik euren jarduna aurrera eraman ahal izateko trabak besterik ez dituzte aurkitu. Besteak beste, eraikin eta azpiegitura publikoak erabiltzeko burokraziaren handitzea edota tasa eta fiantza eskakizun altuak jasaten ari dira. OSPA eguna eta herriko festak antolatzeagatik, esaterako, 3.500 euro ordaindu behar izan direla azaldu zuten. Herri mugimenduaren erabakimena ere mugatzen ari direla salatu zuten, adibidez, jaietako programazioan.
Haien iritziz, Gero Bai “udalaren eskumen teknikoak politikoki bat egiten ez duten horiek desgastatzeko” erabiltzen ari da eta jarrera horrekin amaitzeko eskatu zuten atzoko agerraldian: “Agerikoa den bezala udalak eta herri mugimenduak interes kontraesankorrak izango dituzte, ikuspuntu politiko ezberdinen arteko eztabaida politikoa da azpian dagoena. Uste dugu eztabaida politikoa osasuntsua dela oso, baina egon daitezken ezberdintasun politikoak aitzaki tekniko eta legalen atzean izkutatzea ez da zintzoa. (…) Zentzu horretan uste dugu beharrezkoa dela udalak herri mugimenduarekin hartu duen jarrera zurruna malgutzea, ez dezala edozein gauza antolatzen denean geroz eta burokrazia gehiago jarri tartean, batez ere udalak trukean egin beharko lituzkeen betebeharrak betetzeko gai ez denean”.