Altsasuko Ospa Eguna antolatzen hasi dira, poliziaren oztopo guztien gainetik
Kalez jantzitako polizi batzuen presentziaz gain, batzarra jendetsua egin zuten altsasuarrek desmilitarizazioaren alde eta errepresioaren aurkako eguna antolatzen hasteko. Abuztuaren 30an izango da aurtengo Ospa Eguna.
2014-ko uztailak 23
Ospa Mugimenduaren batzarra egin zute uztailaren 17an. Hara gerturatutako herritarrak aldiz, sorpresa garratza aurkitu zuten, kalez jantzitako polizi desberdinek kaleko ertzetan kokatuak zeuden, batzarra bera eta batzarkideak kontrolatu eta oztopatzeko ideiarekin. Bertaratutako lagunek polizien aurrean ipini ziren eta herri-presioa artikulatuz herriko eremutik kanporatzea lortu zuten. Aurretik elementu polizialak altsasuarrak grabatu, argazkiak atera eta bestelako artxibategi errepresiboak betetzeari ekin zioten.
"Batzarra hasteko zain geundela, kalez jantzitako polizia bikote bat gertu zegoen taberna baten terrazan eseri zen mobila eskuetan eta pinganiloa belarrian zuelarik. Alde egiteko asmorik ez zutela ikustean, batzarra hasteko zain geundenok haiengana hurbildu ginen. Honen aurrean, kalez jantzitako poliziak, mugikorrak baliatuz, grabatzen hasi ziren. Horren aurrean poliziak inguratzea erabaki genuen, eta azkenean sekretek alde egitea beste aukerarik ez zuten izan", adierazi dute Ospa Mugimenduko kideek prentsa ohar baten bidez.
Bost minututara, kalez jantzitako beste polizi bikote bat hurbildu zen plazara, eta udaletxe aurrean ere beste bikote bat zegoen. "Indar errepresiboen helburua galarazita, bilerari ekitea erabaki genuen berehala, Ospa Eguna prestatzeko batzarrari hasiera emanez".
Aurtengo Altsasuko Ospa Egunari begira, herri aktibazioa "ezinbestekoa" dela uste dute "errepresio basati" horrekin bukatu nahi bada, esan dute Ospa Mugimendutik.
"Errepresioa urteko 365 egunetan jasaten dugu; kontrolak egunero, jazarpenak eta mehatxuak herritarrei, probokazioak, herrian jasotako isun politikoen kopuru izugarria (30.000 euro), kartel eta pankartak kentzea, altsasuar gazte baten epaiketa Donostiako herri harresian parte hartzeagatik (urte eta erdiko kartzela zigor eskaerarekin), etab. Adibide horiei guztiei, martxoan Arbizun atxilotutako gaztea eta maiatzean guardia zibilaren koartelera deklaratzera deitutako hiru etxarriarrak gehitu behar zaizkie", aipatu dute prentsa oharrean.
Ezin ahaztu iazko Ospa Egunean Altsasu herriak sufritutako okupazio militarra. "Aste oso batez herria hartuta izan genuen eliteko hamarnaka poliziarekin, helikoptero eta guzti. Helburu bakarra, herri honen aldarria isilaraztea. Elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak ukatzea. Baina ez zuten lortu eta oraingoan ere ez dute lortuko", adierazi dute.
Abuztuaren 30ean, aurtengo Altsasuko Ospa Eguna ospatuko da oztopo guztien gainetik.