Altsasuko gazteak Auzitegi Nazionalean epaitzeko agindua eman du Epaitegi Gorenak

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren eta Auzitegi Nazionalaren arteko eskumen gatazka zegoen. Hori argitu artean, etenda zegoen prozedura. Orain, ordea, Gorenak ebatzi du zantzuak daudela Altsasun iazko urrian izandako liskarra "terrorismo delitutzat" jotzeko. Gaur 20etan manifestazio bat eginen da Altsasun erabaki hau salatzeko.

2017-ko ekainak 1

Auzitegi Gorenaren II. aretoak hartu du erabakia; Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Auzitegiari dagokio aztertzea Altsasuko auzia. Eskumena nori dagokion baino ez du aztertu Gorenak, baina, eginiko balorazioan, epaileek uste dute gertatutakoa Espainiako Zigor Kodearen 573.1 artikuluan jasotako delituen arabera epai daitekeela: “Delituaren larritasuna ezin da alde batera utzi unearen arabera, kontuan hartuta polizietako batek jasandako zauriak”.

Epaimahaia Miguel Colmenero, Francisco Monterde eta Juan Ramon Berdugok osatu dute, eta fiskaltzak egindako eskaerarekin ados azaldu dira. Prozeduraren une honetan “behin-behineko balorazioa” egin daitekeela dio autoak. Autoaren arabera, txosten polizialek zantzu gisa erasoa Ospa mugimenduarekin lotzen dute: “Norbanakoetako batzuk Ospa mugimenduko kideak ziren eta Euskal Herritik segurtasun indarrak kanporatzea bultzatzen du talde horrek”.

Gorenaren argudioak

Gorenaren arabera, Zigor Kodeko 573.1 artikuluak dioenez delitu bat terrorismotzat jotzeko bizia edo segurtasun fisikoa arriskuan jarri behar dira. Era berean, erasoak bilatu behar du “botere publikoak ekintza bat egitea edo egiteari uztea eta izu egoera eragitea biztanlerian edo biztanle batzuen artean”. Gorenak uste du prozeduraren une honetan poliziek urriaren 15ean jasandako erasoaren larritasuna ezin dela baztertu, “batez ere polizia batek jasandako lesioaren egoerari erreparatuta” (guardia zibil tenienteari orkatilan ebakuntza egin zioten). Gorenak ondorioztatzen du guardia zibilei eta euren senideei izua eta segurtasun falta eragitea bilatu zuela.

Horregatik, prozeduraren une honetan ebatzi du auzia Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiaren eskuetan uztea. Gorenaren arabera, instrukzioa amaitzen denean beste ondorio bat har daiteke, baina bitartean Auzitegi Nazionalari dagokio auzia hartzea, ezin delako une honetan terrorismo delituaren zantzua baztertu.

Iazko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean izandako liskarra “terrorismo” delitua den edo ez dago eztabaidaren muinean. Hori gehiegizkoa dela salatu dute auzipetutako gazteen senideek, herritar eta alderdi ugarik eta Nafarroako erakunde garrantzitsuenek. Hala, defentsaren argudioak onetsita, Nafarroako Probintzia Auzitegiak esan zuen hari dagokiola auzia epaitzea. Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki behar zuen eskumena batena edo bestea den. Hori ebatzi bitartean, ordea, prozedura etetea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Orain, Auzitegi Gorenak ebatzi du Auzitegi Nazionalari dagokiola auzia aztertzea.

Iazko urriaren 15ean bi guardia zibili eta horien bikotekideei eraso egitea egotzita, espetxean jarraitzen dute Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzek. Horiez gain, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo dira auzipetuak.

Gehiago