#Altsasu Hitzaldi sorta antolatu dute desmilitarizazioaren aldeko aldarria zabaltzeko
Desmilitarizazioaren eta errepresioaren gaia Euskal Herriko agenda politikoaren erdigunean kokatu nahi dute. Momentuz, 30 hiltzaldi lotu dituzte Hego Euskal Herrian.
2017-ko urtarrilak 26
Altsasun izandako atxiloketak aurre egiteko sortutako Herri-Asanbladak hitzaldi ezberdinak emanen ditu Hego Euskal Herriko hainbat tokietan. Hitzaldi hauen helburua komunikabideen aldetik jasandako “kutsadura manipulatzaileari” aurre egitea.
“Gure mezua gizarteari zuzenean ematea” erabaki dute, eta Euskal Herriko txoko guztietara heltzea dute helburu. “Gure intentzioa argia da: Altsasun eta Sakanan pairatu dugun eta pairatzen dugun egoera errepresiboaren berri ematea sakandarren eta altsasuarren ahotik”.
Solasaldi hauekin, herri eta auzoetan desmilitarizazioaren inguruko eztabaida piztu nahi dute. “Altsasun gertatu dena zigor-mendekua dela ulertzen dute herritarrek, bai gurean baita Euskal Herriko geografía zabalean ere; beraz, errepresioaren inguruan eztabaidatzea eta aktibatzea hil ala bizikoa zaigu”, adierazi dute.
“Beste lekuetan bizi den egoeraz jabetzera ere bagoaz, guretzako desmilitarizazioaren gaia ez baita Sakana, Oñati, Leitza edo foko gutxi batzuen argia; herri oso batek argitu behar duen bidea da desmilitarizazioarena, iluntasuna atzean utzi eta etorkizun diztiratsu bat eskuratzera baldin bagoaz”.
Hori horrela izanda, bira honek “herritarren mugimenduaren giharra suspertu eta batasunetik desmilitarizazioaren borroka berpiztea” du helburu. “Desmilitarizazioaren eta errepresioaren gaia gure herriaren agenda politikoaren erdigunean kokatzera goaz”.