Alde Hemendik mugimenduak “indar okupatzaileei” bozina lau aldiz jotzeko kanpaina abiatu du

Euskal Herri mailan abiatuko duten ekimen baten berri eman du Alde Hemendik mugimenduak. "Espainiako eta Frantziako polizia, Guardia Zibil, jendarme eta orokorrean indar okupatzaileei beraietaz pentsatzen duguna ozenago esango diegu: Alde hemendik. Que se vayan. Barrez vous d'ici", diote kaleratu duten oharrean.

2016-ko apirilak 5

Europan herritar bakoitzeko polizia gehien dagoen herria Euskal Herria dela gogoratu dute. “Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, herri oso bat kontrolpean mantentzeko indar okupatzaileen egitura antolatu digute Euskal Herrian. Eta okerrena da ez daukatela hemendik joateko inolako asmorik. Kontrakoa!”. 2014an, Eusko Jaurlaritzaren arabera, Guardia Zibilak EAEn 3.214 kontrol egin zituela nabarmendu dute.

“Herri gisa pairatu ditugun milaka eta milaka kontrolak, milaka atxilotuak, torturatuak, zaurituak, hildakoak… Ez genuke onartu behar”. Irlandako esaera bat berreskuratuz, “Time for peace, time to go esateko ordua da”.

Horretarako kode berri bat mahai gainean jarri nahi izan dute: autoarekin bozina lau aldiz jotzea. “Lau aldiz tutua, klaxona edo adarra, edo dena delakoa jo, al-de_he-men-dik edo beren hizkuntzetan que-se-va-yan eta ba-rrez-d’i-ci esateko. Irribarrea eragingo digun keinu txikia”. Bideo batzuk ere sareratu dituzte eta herritarrei dei egin bat egiteko. “Imajinatu praktika zabaltzea lortzen badugu eragingo diegun astindu etengabea. Eskratxe bozineroa egingo diegu, terminoa bataiatzeko ohorea dugunez”, diote.

Erabilera masiboa bilatzen dutela diote oharrean, eta horretarako tresna erraza izan nahi duela. “Koartelen aurretik pasatzean, beren autoekin gurutzatzen garenean, beren boterea erakusteko kontroletan ilara luzeetan zain gauzkatenean”, bozina jotzeko dei egin dute. “Egunero pasatzen gara ehunka eraikinen aurretik. Entzun behar dute. Joaten diren arte. Egunero. Etengabe”, diote.

“Amaiera data bakarra izan dezakeen kanpaina honekin borroka hau berrindartu nahi dugu, Euskal Herri mailako ekintza politiko bat abiatu, nazio mailako arazo estruktural bati berriz ere heldu behar diogulako. Politikoki duten rolagatik, herri honetan eragin duten min guztiagatik, eta herri aske bat eraikitzen ari garelako: alde hemendik”.

Alde Hemendik mugimenduko kideen ustez, “badakite ez direla ongi hartuak, izan dezatela presente”. Jendeari bideoan grabatzeko eta sare sozialetan #AldeHemendik #QueSeVayan edo #Barrezdici etiketak erabiliz zabaltzeko dei egin diete.

Apirilean ostiral arratsaldeetan deialdiak herrietan
“Apirilan zehar ostiral arratsaldeetan, aldarrikapen honekin bat egiten duten eragile, koadrila, familia, langileak deitu nahi ditugu antola daitezen eta bozina kolpe batzuk jotzera joan gaitezen gertuen duten Mordor gunera”.
Maiatzetik aurrera, herritar guztiei egunero jotzeko eskatuko dietela adierazi dute, baina bitartean astean behin deialdiak antolatzeko dei egin dute. “Ez gara geldituko borroka hau irabazten dugun arte”, amaitu dute.

Gehiago