Aldaketak aurrera egin dezan mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu du Sortuk
Historiaren garapenean langile borroka “ezinbestekoa” izan da Sorturen ustez eta Nafarroan martxan jarritako aldaketa indartzeko “langileon eta herri mugimenduon ekarpena ezinbestekoa” dela nabarmendu du.
2016-ko apirilak 29
Sortuk onartu du aldaketaren bideak mugak badituela, baita kontrako presio asko ere. “Pozaz hartu dugu baina behin baino gehiagotan egoneza eragiten digu. Gutxi iruditzen zaigu batzuetan. Ausardia falta atzematen dugu beste batzuetan. Presioen artean daude, nabarmena da Diario de Navarra, patronala, sindikatu hori edota Erregimenaren beste eragileen presioa”.
Hori dela eta langileen eta herri mugimenduen ekarpena ezinbestekotzat hartu du Sortuk. “Presio atzerakoiei aurre egiteko, ezinbestekoa da herritarren gehiengoaren ahotsa eta indarra mugitzea. Orain da mobilizazioak areagotzeko tenorea, aldaketa bermatzeko eta aldaketaren etsaiei aurre egiteko”.
Alternatibak eraiki
Mobilizazioez harago aldaketak alternatibak eraikitzea eskatzen duela nabarmendu du ere Sortuk. “Urrutira begiratu behar dugu egunoroko bizitza eta borrokan kapitalismoa gainditzeko, logika neoliberalarekin apurtzeko, biharko mundua gaurdanik eraikitzeko”.
Azkenik, larunbatean gazte mugimenduak deitutako ekimenetan zein igandean, Maiatzaren Lehenean, sindikatuek deitutuako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du.