Aldaketa handien garaia edo garai aldaketa?

2014-ko otsailak 28

Duela aste batzuk, honako galdera hau entzun nuen irratian; aldaketa handien garaia edo garai aldaketa da bizi duguna?

Ni bigarren aukerarekin nago, edo hori da nire desioa behinik behin.

“Ongizatearen garaian” jaio eta bizi izan garenok, gure gurasoak baino okerrago biziko garela entzuten dugu behin eta berriz. Egia esan, datuak horrela diote, baina horrek beldurtu eta kikildu beharrean, piztu egin beharko gintuzke, datorren garai berri hori, gure esku egon dadin.

Astiro baina, sektore desberdinetan, negozio ereduaren aldaketak nabarmentzen hasi direla esango nuke. Elikagaien alorrean esaterako, kontsumo taldeak ugaritzen hasi dira “ohiko” supermerkatuen filosofiatik at, baita Nafarroan bertan ere. Aste honetan, Landarek (kontsumitzaile eta ekoizle ekologikoen elkarteak) bere denda berria ireki duela jakin dugu; 200m2 izatetik 320m2 izatera pasa dira. Horri, gizarte ekintzetara zuzendutako 100m2 gehitu behar zaizkio. Baina Landare, adibide bat besterik ez da; hemen dituzue Nafarroan ditugun elikagaien kontsumo talde desberdinak.

Komunikabideen sektoreari dagokionez berriz, blog eta era desberdinetako plataformek, komunikabideen industria hankaz gora jarri dute; youtube, Facebook eta Twitter­ek esaterako, informazioa jaso eta bilatzeko ohiturak aldatu dituzte. Gero eta jende gehiagok jotzen du era honetako komunikabideetara informazio bila, “ohiko” komunikabideen kaltetan. Zer esango dut ba, hemen dugu Ahotsa.info eta.

Informatikaren munduan ere antzera gabiltza; software libre eta aplikazio garatzaile txikiek, orain arte ia kontrol guztia izan duten enpresei, merkatuaren zati bat kendu die. Gero eta ohikoagoak dira Linux­engandik eratorritako software­ak (Ubuntu, Mint,…) gure ordenagailuetan, adibidez.

Bidaia bat antolatzeko ere, gero eta jende gehiagok jotzen dugu internet bidez bidaia antolatzeari, bidaia agentziak alde batetara utziaz, eta beste horrenbeste gertatzen da musika, literatura eta modarekin. Konektibitatearen alorrean ere, gizarte mugimenduak aukera berri bat luzatzen digu; guifi.net, komunikabide sare ireki, libre eta neutrala. Sakanan, bertako mankomunitatea, berau bultzatzeko lanetan buru­belarri dabil eta beste horrenbeste Iruñerriako herritar talde bat ere; berandu baino lehen, Nafarroa guztian, sare ireki, libre eta neutral hau izateko ahaleginetan.

Beraz, hau ikusirik, sektore guztietan negozio eredua aldatu edo aldatzeko bidean dagoela esan genezake, gizartearen subiranotasun maila handituz eta hau da, nire iritziz, bultzatu behar dugun aldaketa; sektore guztietan, gizartearen subiranotasuna bultzatzen duen aldaketa.

Baina, baina, baina,… zoritxarrez, aldaketa bide hau, ez da horren samurra izango.

Pasaden otsailaren 15ean, Iruñeko Alde Zaharrean, elkarte desberdinek antolatuta, lehenengo “truke eta azoka soziala” izan genuen. Tamalez, oraingoz, azkena izango da. Txantrean urtebetetik gora, inolako arazorik gabe, antolatu den azoka, Iruñean ez da posible; horrela erabaki du Iruñeko Udalak behinik behin.

Garai berri honen aurrean, bi aukera ditugu; guregatik erabaki dezaten utzi edo gizartearen subiranotasunaren bidean, lanean jardun. Zein da zure aukera?

Beste eskala batean, energiaren sektorea dugu; azken 4 urteetan %70­eko igoera izan duen argi indarra, estatu espainiarrean 5 enpresa erraldoien menpe dago. Horren ondorioz, txirotasun energetikoaren aurka eta eredu energetiko berri baten alde, elkarretaratzea izan zen pasaden otsailaren 20an Iruñean. Zorionez, sektore honetan ere, gizartearen subiranotasuna bultzatzen duten elkarteak ditugu.

Beste horrenbeste gertatzen da finantzekin ere; Fiare, COOP57, Triodos-bank,… aukera bikainak gure xoxak beste era batera kudeatzeko.

Beraz, garai berri honen aurrean, bi aukera ditugu; guregatik erabaki dezaten utzi edo gizartearen subiranotasunaren bidean, lanean jardun. Zein da zure aukera?

Gai hauek zure interesekoak badira, aurrerantzean Ahotsa.info­n izango duzu berauen berri.

Ez egon zain, bota zure proposamenak, ez gaitezen aldaketa txikiekin konforma, eraiki dezagun garai berri bat, morroi izateari utziko diogun garaia!

Aldaketa, gu guztion esku dago eta!

 

Gehiago