Aita Mari itsasontzi askatzeko kontzentrazioa egin dute Iruñean
Pasa den astelehenean egin zuten bezala, Iruñea Harrera Hiria ekimenak Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzaren aurrean elkartu da PSOE-k gaur egun migranteekiko duen jarrera salatzeko.
2019-ko apirilak 8
Kontzentrazioa gogoratu dute 2015eko irailaren 2an, Turkiako hondartza batean hilda aurkitutako Siriako Aylan Kurdi umea, eta bere argazkiak Europako hiritargoaren bihotza uzkurtu zuela. “Hilabete batzuk geroago, Greziako migrazio politikarako ministroak aditzera eman zuen Belgika migranteak berriro itsasorantz bultzatzearen aldekoa zela, eta han itotzeak ez zuela axolarik. Momentu hartan hitz hauek izugarriak ziruditen, baina…” Gaur egun, estatu espainarreko gobernuak, garbi aitortu gabe bada ere, “argi utzi du itotzen baldin badira ere berdin zaiola, ez baitio Aita Mari eta Open Arms erreskaterako itsasontziei itasoratzeko baimenik ematen”.
Iruñea Harrera Hiria ekimenetik itsasoan hiltzen uzten diren pertsona guzti horien memoria “mendeetan zehar gure atzetik ibiliko” direla ziurtatu dute.
“Gaur egun, Europan gero eta indar handiagoa hartzen ari diren eskuin muturreko indarrek eta indar neofaxistek pertsona migratzaile eta errefuxiatuei leporatzen diete gure gizarteetako gaitz guztien errua, beraienganako gorroto oldeak bultzatuz”, salatu dute. “Pertsona orori, ez soilik pertsona iritsi berriei, gerta dakiokeen gauzarik okerrena giza eskubideak migratzea eta alde egitea da. Giza eskubideak ez baitira bozkatzen, ez baitira hauteskudeen gorabeheren menpe egon behar, giza eskubideak besarkatu behar dira”, azpimarratu dute.
Horregatik, Europako toki desberdinetako erakunde sozialek erabaki dute migratzeko eta bizitzeko eskubidea besarkatzeko beharra ozenki aldarrikatzea. “Estatu espainarreko eta Europako beste herrialdeekin batera herri, pertsona eta giza eskubideen 5M5 ekimenaren bukaera burutuko dugu maiatzaren 4an Iruñean eta maiatzaren 5ean Durangon”.