“AHTren mafia” salatzeko kanpaina abiatu du AHT Geldituk

2025-ko azaroak 24

Duela hilabete batzuk, AHTaren aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan, Foru Komunitatean makro azpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Plataforma hau Nafarroako AHTaren proiektuaren ahultasun une batean sortu da, 14 urte baino gehiagoko lanen ondoren bultzatzaileek nahi bezain azkar aurrera egiten ez duelako eta proiektua erreskatatu zuten Next Generation funtsak agortzear daudelako.

Plataforma honen sustatzaile nagusiak Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (CEN), Merkataritza Ganbera, Institución Futuro Think Tank enpresariala eta ingeniarien hainbat elkargo dira. Erakunde horiek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen dituztela salatu nahi izan du AHT Geldituk. “Aurrekaririk gabeko krisi eko-sozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa natura eta langile-klasearen bizi-baldintzen gainetik jartzeko, azken hau gero eta kaltetuago izanik bizitzaren garestitasuna, murrizketa eta pribatizazioengatik. Era berean, badirudi bosta axola zaiela eraikuntzan izaten ari den muturreko lan-esplotazioa, Euskal Herriko AHTaren obretan 13 langileren heriotza eragin duena”.

AHT Geldituk gogoratu du AHTk ez dituela merkantziarik garraiatuko, eta horrela izanda, horrek ez diola industriari onurarik ekarriko. “Plataformaren atxikimenduen zerrendan deigarria da ikustea hainbat antolakunde, babesa zergatik eman duten ez bait dago batere argi. Batzuk aipatzearren: Iturgintza eta Berokuntza Enpresen Elkartea (ANAFONCA), Laguntza Entitateen Nafarroako Elkartea (ANEA), Irakaskuntza Zentroen Nafarroako Elkartea (CECE), Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala, beste askoren artean… Ez ote dira elkarte horiek jasotako presioak erabakigarriak izan kasu askotan Plataformari atxikitzeko?”

Babesa emateko erabaki prozesua ere zalantzan jarri du AHT Geldituk. “Atxikitako erakunde askotan, zuzendaritza-batzordeek modu antidemokratikoan hartu dute erabakia, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe, hala nola C.A. Osasuna, ANAPEH, Iratxe kontsumitzaileen Elkartea, eta abar, kide askorengan ezinegon handia sortuz”.

Plataforma honen jarduna “presio lobby” gisa definitzen du AHT Geldituk, eta mafia hitza erabiltzen du bera definitzeko, izan ere “Nafarroako AHTaren hariak itzalpetik nahieran mugitzen” ditu. “Datozen hilabeteetan, AHT Gelditu! Nafarroak fokua jarriko du itzal hori argitzeko eta hariak nola mugitzen diren eta zein interesekin argitu ahal izateko”, iragarri dute.

Gehiago