AHTren aurkako eta tren sozialaren aldeko protesta eginen da larunbata honetan Altsasun
"Gure bailarak arrisku bizian daude. AHTa gure lurraldea txikitu, erdibitu eta betirako baldintzatuko lukeen proiektu ez jasangarria da", diote protestaren deitzaileek. Tren soziala, eraginkorra eta eskualdea hiriburuekin lotuko duena aldarrikatuko dute.
2026-ko martxoak 9
AHTren inguruko albisteak gero eta ohikoak dira Sakanan. Proiektua nondik lotuko da Euskal Y-rekin, obrak egiteko zundaketak, ohiko geltokien itxierak… “Urteetako mamua” ate joka dutela konszienteak dira herritarrak, eta azpiegitura honekin ados ez daudela adierazteko hamaika ekimen jarri dituzte martxan azken garaietan. Horien artean, alegazioak, Udalen adierazpenak, batzar informatiboak, mendi martxak, elkarretaratzeak… eta larunbata honetan kaleak hartzeko unea izanen da. Arratsaldeko 18.00etan abiatuko da manifestazioa.
“Gure bailarek eta gure jendeak hamaika aldiz adierazi du ez duela proiektu hau onartzen ez dielako gure beharrei erantzuna ematen eta soilik hiri oso handien arteko loturak hobesten dituelako landa eremuaren despopulazioa areagotuz eta hirien handitzea sustatuz”, azaldu dute. Abiadura hantiko Trenaren aurrean, tren sozialaren alternatiba jarri dute mahi gainean. “Eskualdeak beraien artean eta hauek hiriburuekin lotuko lukeen tren zerbitzu eraginkor eta herritarra”, aldarrikatu dute. Baina oroitu dutenez, Madrildik “entzungor egin diete gure behar eta nahiei eta AHTa bultzatzen jarraitzen dute”.

Osotara, alegazio kanpainaren harira herriz herri egin dituzten 16 batzarretara 800 herritar baino gehiago hurbildu direla baieztatu dute, eta dagoeneko 4.450 alegazio jaso dira. “Alegazioak tren sozial eta publikoaren alde. AHTari alternatiba jasangarria eta zerbitzua emanen ligukeen trenaren alde”, zehaztu dute. Eta iragarri dutenez, alegazio epea martxoaren 27rarte zabaldu denez, alegazioak egiten eta jasotzen jarraituko dute ordurarte.
Kalte asko, onura gutxi
AHTren aurka egiteko arrazoiak hamaika direla gogoratu dute. “AHTaren proiektuak ez die gure eskualdeei inongo onurarik ekarriko. Lehen sektorea kaltetuko du, ingurumenari kolpe izugarria emanen dio eta gure bizi kalitatea jaitsiko du diru publikoak behar ez dugun azpiegitura batean xahutuz. Hortaz, borrokan jarraitzeko deia egiten dizuegu. Alternatibarik badagoelako eta hau gelditzea badagoelako”, esan dute agerraldian. Eta herritarren borondatea errespetatzea eskatzen dute, eta horrek esan nahi, haien esanetan, “trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea”.

