AHTren aurkako bizikleta martxa abuztuaren 25ean abiatuko da Irurtzunetik Sakanan eta Goierrin egin nahi dituzten zundaketak salatzeko
Stop AHT Zundaketak Ekimenak deituta, abuztuaren 25, 26 eta 27ean bizikleta martxa batek Sakana, Lautada eta Goierri zeharkatuko ditu.
2023-ko abuztuak 10
Azken hilabeteotan, Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimen-eskaera ugari egin dira. Zundaketa horien helburua AHTaren Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a lotzeko bi aukerak aztertzea da: bata, Ezkiorainokoa, Aralarko mendigune osoa zulatuz eta bestea, Gasteizerainokoa, Sakana zein Lautada zeharkatuz. Bata zein bestea salatu du AHTren aurkako mugimenduak, bere esanetan “justifikaziorik gabeko eraso latzak” direlako “bai naturarentzat bai herrientzat”, eta tramite hau “ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat” dela azpimarratu du oposizioak.
“Zundaketa horiek AHTa eraikitzeko lehen urratsa direla kontuan hartuta, Stop AHT Zundaketak Ekimenak horiek guztiak berehala geldiaraztea aldarrikatzen du, mobilizazio sozialera eta inguruko udalen arbuiatzera deituz”. Lehenengo hiru saiakerak geldiaraztea lortu dela ere ospatu dute ekimen hau osatzen duten Sakana Trenaren alde, Sustrai Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa taldeek.
Hurrengo mobilizazioen artean, abuztuaren 25etik 27ra egingo den bizikleta martxa nabarmendu dute. “Horren helburua da herritarrak ohartaraztea zundaketa horiek geldiarazteko beharraz eta Goierri, Sakana, Lautada eta gainerako Euskal Herriko AHTaren aurkakoen arteko harremanak sendotzea”, aipatu dute.
Abuztuaren 25ean Irurtzunetik abiatuko bizikleta martxa, eta Olaztin amaituko da etapa. Hurrengo egunean Atauneraino bidea eginen dute martxistek, eta abuztuaren 27an Irurtzuneraino bueltatuko dira txirrindulariak.
Hainbat gomendio
Bizikleta martxa honetan izena emateko stopahtzundaketak@gmail.com helbidera idatzi behar da, edo teléfono bidez 628243066 telefonora jo. Iragarri dutenez, ekimen honetan pedaleatzeaz gain, hainbat ekitaldi izanen dira egitarauan: hamaiketako eta herri bazkariak, kontzertuak, elkarretaratzeak, hitzaldiak…
Gomendioen atalean, martxara eraman beharreko materiala zehaztu dute: lo-zakua, esterilla, ordezko kamera, partxeak eta puzgailua, kaskoa…
Martxa osoan eskainiko diren otordu guztien truke 40€ko ekarpena egin behar dute partehartzaileek. Eguneko parte hartzeagatik ere ordaindu daiteke.
EGITARAUA
Abuztuak 25, ostirala: IRURTZUN-ETXARRI ARANATZ-OLAZTI
10:00. Irurtzun. Bizikleta Martxaren hasiera-ekitaldia herriko plazan.
10:30. Martxaren irteera Irurtzundik. Ondoren, Etxarren, Ekai, Zuhatzu eta Satrustegitik igaro.
11:45. Hiriberri. Hamaiketakoa. Gero Ihabar eta Irañetatik pasatu.
12:30. Uharte Arakil. Segidan Arruazu.
13:00. Lakuntza. Gero Arbizu.
14:00. Etxarri Aranaz. Bazkaria Karrikestu Elkartean. Ondoren, martxaren antolakuntza-batzarra.
17:00. Etxarritik Irteera. Ondoren Bakaiku, Iturmendi eta Urdiainetik igaro.
18:30. Altsasu. Elkarretaratzea herriko plazan. Ondoren, herrian zeharko ibilbidea.
20:30. Olazti. Lautadako zutabearekin bategitea. Segidan, afaria.
22:30. Kontzertuak Maisuenea Gaztetxean. Ondoren, frontoian lo.
Abuztuak 26, larunbata: OLAZTI-LAZKAO-ATAUN
8:00. Gosaria.
9:00. Irteera Olaztitik.
10:00. Altsasu. Elkarretaratzea Tren Geltokian trenbide sindikatuekin. Ondoren, Zegama eta Seguratik pasatu.
12:00. Idiazabal. Hamaiketako-elkarretaratzea herriko plazan.
13:00. Beasain. Goierri mailako elkarretaratzea Erauskin plazan.
14:30. Lazkao. Bazkaria Biziola Fabrikan eta gero batzar irekia: AHTaren aurkako borrokaren oraina eta geroa.
18:30. Irteera Lazkaotik.
19:00. Ataun. Auzoeta frontoian ongietorria.
20:00. Afaria. Segidan partehartzaile eta borroken aurkezpen-batzarra. Ondoren, frontoian lo.
Abuztuak 27, igandea: ATAUN-IRURTZUN
7:30. Gosaria.
8:30. Irteera Ataundik. Ondoren Lizarragabengoa eta Arbizu.
11:00. Lakuntza. Auzatea herriko jaietan.
12:00. Uharte Arakil. Artzain Egunean elkarretaratzea Seme-Alaben plazan.
13:30. Ihabar. Segidan, Hiriberri, Satrustegi, Zuhatzu eta Etxarren.
15:00. Irurtzun. Bukaera-ekitaldia herriko plazan. Gero, bazkaria Pikuxar Elkartean.