AHTren aurkako aurtengo manifestazioak proiektu honen atzean Nafarroan dagoen “mafia” salatuko du

Otsailaren 21ean AHTaren aurkako manifestazioa eginen da Iruñean "Nafarroako AHTaren mafia salatzeko".

2026-ko urtarrilak 26

Duela hilabete batzuk, AHTaren aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan “Foru Komunitatean makro azpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko”. Lobby gisa arituko den talde honek Madrilgo eta Iruñeko Gobernuak presionatzeko helburua izanen du, eta AHT Geldituk ez du zalantzarik: “Mafiak bezala, AHTaren aldeko Plataforma da gaur egun Nafarroako AHTaren hariak itzaletik mugitzen dituena”.

Plataforma hau osatzen duten talde eta eragile, banan bana, salatu ditu AHT Geldituk. Besteak beste, Institución Futuro aipatzen dute, lobby honen “garuna” dela nabarmenduz. “Aznarren FAES tankerako think tank bat da, ideia ultraliberalen laborategia. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza suspertzeko”, dio AHT Geldituk. Bestetik, NEK-CEN enpresaburuen elkartea eta Merkataritza Ganbera seinalatzen dituzte, patronalaren interesen defentsan aritzen direlako lobby honetan. Arlo teknikoan, Ingeniarien Elkargoari “AHTarekin obsesionatuta” egotea leporatu diote. Eta “trama zibila” deitutako atalean, AHTaren eraikuntza jendartean legitimatzea helburua duten hainbat eragile aipatzen dituzte: C.A. Osasuna, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, UGT… “Atxikimendu horiek modu antidemokratikoan egin dituzte zuzendaritza-batzordeek, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe”, salatu du AHT Geldituk.

Eliteen interesak herritarren interes orokorren gainetik

Erakunde horiek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen dituztela ere azpimarratu dute, herritarren interes orokorren gainetik. “Izan ere, aurrekaririk gabeko krisi eko-sozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa eta bezero-sareak natura eta langile-klasearen bizi-baldintzen gainetik jartzeko, azken hau gero eta kaltetuago izanik bizitzaren garestitasuna, murrizketa eta pribatizazioengatik. Era berean, badirudi bosta axola zaiela AHT-aren eraikuntzan izaten ari den muturreko lan-esplotazioa, Euskal Herriko obretan 13 langileren heriotza eragin duena; ezta mantentze-lan eskasagatiko Estatuko sarearen segurtasun-falta ere, Kordobako istripuan egiaztatu dena”.

Aurtengo deialdiak, berriz ere, elefante txuriaren presentzia izanen du. Elefante honek “azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra” dela gogoratzen dute. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunak hondoratzen dituzte. “AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostuarekin, diru publikoaz finantzatuta. Xahuketa hori enpresa-mafiari eta nahi bezala maneiatutako klase politiko ustelari baino ez die mesede egiten”, dio AHT Geldituk.

Otsailaren 21ean egingo den manifestazio eguerdiko 12:00etan abiatuko da Iruñeko Diputaziotik.

Gehiago