AHTak nekazal lurretan eragin dituen kalteak salatu dituzte, eta Sakanan izanen diren zundaketak ekiditeko deia egin dute
Nekazaritzari eta herrietako bizimoduari eragindako kalteak bertatik bertara ezagutzeko eta salatzeko mendi martxa egin zuen AHT Geldituk asteburuan Muru Artederran. Bestetik, gaur jakin da Euskal Y-a eta AHTaren Nafarroako korridorea lotzeko Ezkio alternatibaren aldaerari dagokion zundaketa kanpaina laster hasiko dela, eta "STOP zundaketak-AHT-rik ez" ekimenak zundaketa horiek ekiditzeko kalera ateratzeko deia egin du.
2025-ko urriak 20
Pasa den larunbatean Muru Artederrako inguruak ezagutzeko aukera izan zuten Abiadura Haundiko Trenaren aurkako oposito talde bat AHT Gelditu! Nafarroak, EHNE nekazal sindikatuaren laguntzaz antolatutako mendi martxarekin. AHTak gehien kalteturiko Nafarroako herrietako bat izanen da Muru, izan ere, makro azpiegitura horren eta egungo trenbidearen artean hesiturik geratuko da.
Antolatzailee esanetan, AHTaren obrak “izugarri eraldatzen ari dira herrien bizitza eta zeharkatzen dituen lekuetako laborantza-lur onenak suntsitzen ari dira”. Irudietan ikus daitekeen bezala, obrak egiteko erabiltzen diren makinak kalte handiak eragin dituzte inguruan, baita ere nekazaritza lurretan. “Azpimarratu behar da soilik gaur egun eraikitzen ari den Tafalla-Campanas azpitartean hiru tunel daudela, elkarrekin 1.600 metro baino gehiagoko luzera dutenak, eta horrek hondakin kantitate izugarriak sortzea dakarrela. Gainera, hasierako proiektuan aipaturiko behin-behineko hondakindegi asko iraunkor bilakatu dira, azken azpitarte honek kalteturiko udalek salatu zuten bezala. Bost metroko altuera duten hondakindegi horiek, paisaia eraldatzeaz gain, nekazaritzako azalera ere murrizten dute, egiturarik ez dutenez, ez baitira egokiak laborantza-lur gisa. Horrez gain, gaur egungo lursail asko zatitu egin dira, urak biltzeko zailtasunak daude, eta sarbide-pista berriak sortu dira, berriro ere landu daitekeen azalera murrizten dutenak”.
EHNE nekazal sindikatuak salatu du kalteturiko nekazariek PAC delakoaren laguntzak galtzeaz gain, desjabetzeengatik kobraturiko diru kopuru “irrigarriak” izan direla et eskualdeko nekazarien akabera izan daitekeela.
Bestetik, AHT Geldituk salatu du nekazal lurrak galtzeaz aparte, akuiferoetan izan daitezkeen kalteek ere elikadura-subiranotasunean eragina dutela, “pairatzen ari garen krisi eko-sozial globalaren testuinguruan guztiz ezinbestekoa dena”. Horregatik gogoratzen dute AHT dela “inoizko azpiegiturarik suntsitzaile, xahutzaile eta anti-sozialena, Nafarroan ezezik baita Euskal Herri osoan ere”.
Zundaketak Sakanan
Hilabete honetan Beasainen, Ataunen, Idiazabalen eta Bakaikun zazpi zundaketa eginen dituztela iragarri du Espainiako Gobernuak. Zundaketa horiek guztiak AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko hirugarren alternatiba gisa ezagutzen denari dagozkio, hau da, Ezkio alternatibaren aldaerari. Gobernuaren esanetan aldaera horrek “ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da“, baina oposizioak salatzen du agerikoa dela Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa dela, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera igarotzen baita.
9 hilabete iraungo du 2025eko urriaren eta 2026ko uztailaren artean eginen den zundaketa prozesu honek, eta ADIFek Ineco enpresa kontratatu du. Zundaketa lanak egiteko segurtasun enpresa baten laguntza izanen dute, gau eta egun bertan egongo direnak.
“STOP zundaketak-AHT-rik ez” ekimenak gogoratu du AHTak ez duela Sakanako udalen eta biztanleen babesa eta inposizio bat dela, horregatik kaleak hartzeko eta lan hauek ekiditzeko deian berretsi da. “Orain arte, zundaketek mehatxaturiko eremuetako (Sakana, Goierri eta Itza) udalen oposizioa eta ekimen honek sustatutako herri-mobilizazioari esker, zundaketen hasiera bi urte eta erdi baino gehiago atzeratu da. Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan hasitako hiru zundaketa gelditu ere egin ziren”, oroitu dute, eta oraingo honetan kaltetutako udalei (Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaiku) dei egiten diete “lanak egiten ez laguntzeko eta inolako baimenik ez emateko”. Herritarrei adi egoteko eskatzen diete, eta lanak ikusten badituzte 656711130 telefonora deitzea eskatzen diete, eta mobilizazioak baldin badira, parte hartzera animatzen dituzte.
