AHTak merkantziak ez dituela eramango baieztatu eta gero, proiektua bertan behera uztea eskatu du AHT Geldituk
Pasa den astean, EAEko lehendakaria Iñigo Urkulluk elkarrizketa batean onartu zuen Abiadura Handiko Trenak ez dituela merkantziak eramango, eta horren inguruan komunikatu bat zabaldu du AHT Geldituk. Haien esanetan, denborak aurrera egin ahala "AHTaren proiektuari mozorroa kentzen ari zaio" eta AHTa elite ekonomikoentzako proiektua dela salatu dute.
2022-ko urriak 4
AHTa urte hauetan guztietan eraikitzen ari da hainbat gezurretan oinarrituta: AHTaren post-egia da.
Gure agintariek zioten AHTak Europarekin lotuko gintuela. Baina Akize eta Hendaiaren arteko lotura bide itsuan aparkatuta dagoenez, EAJ Europako Batzordea etsi-etsian presionatzen ari da Frantzia euskal Y-arekin bat egitera behartzeko.
Era berean, esaten ziguten ekonomia hobetuko zuela. Errealitatea, ordea, guztiz kontrakoa da. Izan ere AHTaren gisako obra faraonikoen eraikuntzak eta horrek dakarren zorpetzeak diru publikoaren xahuketa ikaragarria suposatzen du, murrizketa eta pribatizaziok eraginez eta finean, populazioaren gehiengoaren bizi baldintzak prekarizatuz.
Milaka lanpostu sortzeaz ere hitz egiten zuten. Orain ordea, ikusten ari gara AHTaren obretan laneko esplotazio eta prekarietate baldintzak eguneroko ogia direla. Horren isla, duela bi hilabete eskas hamargarren biktima gertatu zen EHko makro azpiegitura honen lan esparruetan.
Gaur egun ere esaten digute AHTa ingurumenaren aldetik jasangarria den garraio modu bat dela, CO2 isurketarik sortzen ez duena. Guk ordea ibar, mendi zein akuiferoen suntsipen eta kutsadura, eta material zein energiaren gastu izugarriak egunez egun egiazta ditzakegu. Gainera, CO2 isuriei buruzko azterlanak faltsutu egin dituzte, urte horietan guztietan obran bertan sortutako emisioak ez dituztelako kontuan hartzen.
Eta azkenik, merkantziak garraiatuko zituela ere esaten ziguten, eta, beraz, eguneko 10.000 kamioi kenduko zituela errepideetatik, euskal Y-arekin bakarrik. Bada, gezur handi hori, bere eraikuntza justifikatzeko erabiltzen zuten argudiorik garrantzitsuenetako bat, baita ere desmuntatu berri da. Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak, duela egun gutxi baieztatu du oposizioak hasiera hasieratik salatu duena: AHTk ez duela merkantziarik eramango, Espainiako estatuan kilometro bakar batek ere eramaten ez duen bezala. Bien bitartean, Bernardo Cirizak, Nafarroako gobernuan kargu bera duenak, Iñaki Arriolaren adierazpenen biharamunean, behin eta berriz esan zuen AHTaren Nafarroako korridoreak Nafarroako industria-sektoreari aukera emango diola merkantzien garraioaren bidez lehiakorrago izateko, eta, aldi berean, murriztu eginen dituela errepide bidezko salgaien garraioak eragindako energiaren kontsumoa eta sortutako CO2 isurketak. Ergeltzat hartzen gaitu edo zer?
AHT Gelditu Nafarroak salatzen du kapitalismo globalizatzailearen egungo merkantzien garraio neurrigabearen beharra, edozein bitarteko dela ere, baina soilik herritarrei gezurra esan dietelako, politikari gezurti horiek guztiak berehala dimititu beharko lukete, gizartea nahita engainatzeagatik epaitu beharko lituzkete, eta EHko AHTko proiektu guztiak berehala gelditu beharko lirateke.
Denborak aurrera egin ahala, AHTaren proiektuari mozorroa kentzen ari zaio, eta bere trikimailu guztiak argitara ateratzen ari dira. Gero eta argiago dago AHTa gaur egun suntsipenaren, kutsaduraren, xahutzearen, zorpetzearen, ustelkeriaren, klasismoaren, lan-esplotazioaren, ohiko trenaren desegitearen, elite ekonomikoentzako onuraren eta klase herrikoientzako hondamendiaren sinonimoa dela.