AHTa gelditzea eta trenbidean hobekuntzak egitea eskatuko duen manifestazioak eginen dute larunbatean Altsasun

"Nafarroa Trenaren Alde", "Araba Trenaren Alde" eta Goierriko AHTrik Ez plataformek, larunbat honetan, arratsaldeko 18:00tan Altsasun burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

2024-ko apirilak 17

Manifestazio horren helburua abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea da, eta gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea “trena benetako garraiobide bihur dadin”.

Duela urte eta erdi aurkeztu zen AHTri alternatiba aurrera eramatea eskatzen dute. Adituek egindako azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin, azaldu dutenez. “Abantaila handi bat planteatzen du: salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez”.

Herrien arteko lotura bermatu

Alternatibak erakusten duenez, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñarekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak 10 eta 8 minutu baino ez ziren handituko, hurrenez hurren. “Trukean, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke”, iritzi dute ekimen honen bultzatzaileek. “Egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri-integrazio hobea lortzeko”.

Herri-plataformen eta Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin egin da azterketa. “Gainera, Frantziako estatuak Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berri bat ez eraikitzea erabaki ondoren, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartzen dute”, uste dute. Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako alkatetzen %70 baino gehiago planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela ere gogoratu dute.

“Herriaren borondatea errespetatzea” eskatzen dute, eta AHTa eraikitzeko lan guztiak gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea aldarrikatzen dute.

Larunbateko manifestazioa jai giroan eginen dela aurreratu dute. Fanfarrea, joaldunak, erraldoiak, Irurtzungo izaki mitologikoak, Jotafa txaranga, txalapartariak, bertsolariak, traktoreak… izan dira.

Gehiago